“Durangaldearen ongizatea hobetzen jarraitzeko helburua” duten aurrekontuak onartu ditu Mankomunitateak
2019 urterako 6.501.514 euroko aurrekontua onartu du Mankomunitateak azken plenoan. Gobernu taldeak aurrekontuaren onarpena positiboki baloratu du “iaz egin bezala, urtea amaitu baino lehen onartu dugu, eta horrek urteko kudeaketa hobeto egiten lagunduko digu”.
Hondakin Bilketa Zerbitzuari dagokionez, Presidenteak 2019rako asmo nagusienak azaldu ditu. Kamioi berri bi izango dituztela azaltzeaz gain, edukiontzien irlak sendotzea, errefusa pisatzea eta kamioiak Geo-erreferentziatzeko helburua dutela iragarri du Lopezek, “teknologia hauek erabakiak hartzen eta herritarrei informazioa hobeto helarazten lagunduko digute” esan du.
Era berean, edukiontzi marroian izena emateko aukera beti zabalik dagoela gogoratu du, eta berriz ere, hondakin organiko osoa jaso ahal izateko Bizkaiko Foru Aldundiari organikoari dagozkion irizpideak aldatzea eskatu dio.
2018an Gaueko Harrera Zerbitzua urte osoko zerbitzua izatera igaro da, eta lehen urteko balorazio positiboa egin du Presidenteak. “Zerbitzuarekin pozik gaude, nabarmentzekoa da beste udal eta mankomunitateekin elkarlana eta sortutako konplizitatea”. Aterpea urte osoan egonkortu eta Gizarte Zerbitzuen Kartera garatzen jarraitzea da 2019rako asmoa.
Bestalde, Lopezek 2018an Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako bideratu den 730.000 euroko zenbatekoa nabarmendu du eta Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuaren garrantzia aipatu du, “arreta pertsonalizatu eta profesionala ematen duen ezinbesteko zerbitzua” eskaintzen dizkielako eskualdean mendekotasun egoera duten pertsonei, beraien “bizi kalitatea hobetuz”.
Lopezek Pertsona Nagusien Zerbitzuak eta Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak dinamizazio eta prebentzio jardueren bitartez eskualdearen ongizatea hobetzeko egiten duten lana nabarmendu du. Bereiziki Zainduz programak pertsona zaintzaileekin egindako lana goraipatu du Lopezek.
AUTO-ENPLEGUA · Mankomunitateko presidenteak Durangaldeko Behargintza auto-enplegua, negozio ideia berrien sorkuntza eta lanerako formakuntzarako erreferentzia dela gogoratu du. Era berean, Lehiakortasun Poloaren aldeko apustua defendatu du “Durangaldeko enpresen lehiakortasuna eta kooperazioa bultzatzeko beharrezko aliantza” dela argudiatuz. Mankomunitateak 2019an 30.000 euro bideratuko ditu hirugarren urtez Lehiakortasun Poloa sustatzeko.
2018an Kontsumo Bulegoak bigarren langile bat izan du urte osoan zehar. Mankomunitateak kudeatzen duen bulegoa Eusko Autonomi Erkidegoan erreklamazio gehien tramitatzen dituen bulegoa da, eta 2018an 1200 erreklamaziotik gora kudeatu ditu. 2019an zerbitzua mantentzeko helburua du Mankomunitateak. Euskara arloari dagokionez esan du esleipen berriak zerbitzuari egonkortzeko aukera emango diola.
2018an airearen kalitatearen azterketa egiteko konpromisoa hartu zuen Mankomunitateak. Lopezek azaldu du “ezin izan dugu esandakoa bete eta 2019an egitea espero dugu”.
Lopezek Mankomunitateak eskualdean duen garrantzia aldarrikatu du, “herritarrek egunero erabiltzen dituzten zerbitzuak eskaintzen ditugu, eta horrek eskualdearen ongizatea hobetzeko aukera ematen digu”. Oposizioa kritikatu du Lopezek “EAJ eta Abadiñoko Independienteen partetik ez dugu proposamen bakar bat ere jaso, ezetzaren blokea osatzen dute”. Azkenik, EH Bilduren kudeaketa defendatu du “esan genuen gauzak beste modu batera egin ahal zirela, eta horrela egiten ari gara, argazki eta alderdi politikoen interesetatik haratago eguneroko lanean oinarritzen dugu gure jarduna. Aurrekontu hauek eskualdearentzat onak dira, gauzak ondo egiten ari gara, eta aurrerantzean ere horrela egingo dugu gure proiektua epe luzerakoa delako” bukatu du Lopezek.