Nik euskeraz eta zu, belarri prest?
Goiztidi Diaz Basterra
· Goiztidi Diaz Basterra Durangoko EAJ-PNV alderdiko zinegotzia da
Hel zedin zain egon ondoren, azkar igaro dira Euskaraldiaren hamaika egunak. Euskara bultzatzeko egin den ekintzarik garrantzitsuena izan dugu, eta ez soilik euskeraz mintzatzera animatzen zuelako, baizik eta euskeraz bizitzera animatzen zuelako. Abenduaren 3an euskararen eguna ospatzen da eta aurten Euskaraldiari amaiera eman diogu euskararen egunean.
Baina euskerak urtean hamaika egun baino geihago merezi ditu. Euskaraldiak jarraipena izan behar du norberaren egunekotasunean eta halan, edozein girotan gaudela euskera izan daitela gure lehenengo hitza. Ezin dugu ahaztu euskera dela euskaldun egiten gaituena eta horretara gure eguneroko erronka izan behar da euskera sustatzea bai aho bizi zein belarri prest izanez.
Beraz, Euskaraldia ez da amaitzen, aurrera egiten du eta nahiz eta abenduaren 3a atzean geratu euskerak aurrera egingo du. Honela, abenduaren 4a Euskaraldiaren hamabigarren eguna izango da eta abenduaren 5a hamairugarrena. Jarrai dezagun aho bizi izaten eta jarrai dezagun belarri prest direnei euskeraz mintzatzen. Ziur bait nago hamaika egunetan zehar belarri prest izan direnak, aurrerantzean ere belarri prest izaten jarraitzeko asmo guztia dutela. Ez dezagun ahaztu hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ez dutelako ikasten baizik eta dakitenek hitz egiten ez dutelako.
Beraz Euskaraldia abiapuntu bat baino ez da, hasiera bat, amaiera euki beharko ez lukeen hasiera bat. Urtean 365 egun bizi behar dugu euskeraz, 365 egun izan behar dugu aho bizi zeren ziur nago belarri prestak urteko 365 egunak dituztela belarriak prest. Euskaraldiak pertsona askori falta zitzaien azken bultzada eman die eta azken bultzada horrekin euskaraz jalgi izan dira dira plazara azken hamaika egun hauetan. Eutsi diezaiogun tinko Euskaraldiari eta jarrai dezagun bere martxarekin. Jarraitu dezagun euskeraz bizi pozten, euskera delako euskaldun egiten gaituena egin dezagun Euskaraldia egunero eta euskeraz bizi 365 egun!!!