Abadiñarrek indarkeria matxistaren aurkako artelan bat egingo dute A-25ko ekitaldien barruan
Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren karietara Abadiñoko Udalak antolatutako ekitaldien barruan, abadiñarrek indarkeria matxistaren aurkako “Horma hautsiz” izeneko artelana egingo dute azaroaren 26 eta 27an, Bardintasun Arloko zinegotzi Janire Morenok esan duenez.
Lan hori horma bat izango da, indarkeria matxista irudikatuko duena eta herritarrek puskatuko dutena jarraian gauza “berri” bat egiteko bere lekuan. “Lana taldean egingo da eta, hortaz, nahi duen guztiak har dezake parte”, esan du Janire Morenok.
Ekitaldiei hasiera emateko, azaroaren 13an “Piper Txuriak. Berdintasunaren aldeko gizon taldea”k “Gizonak, berdintasuna eta maskulinitate berriak” izeneko argazki erakusketa egingo du Errota Kultur Etxdean abenduaren 10era arte. Azaroaren 16an, Txanporta Kultur Etxean “Kabi Biluziak» dokumentala emango da, eta ondoren solasaldi bat egingo da bere egileekin: Virginia Senosiain eta Juan Luis Napal.
Azaroaren 22an mahai-inguru bat egingo da «Horma hautsiz. Zelan erantzun Abadiñon indarkeria matxistari?” izenburupean. Bertan, aditu talde batek indarkeria horren egiturazko sustraiak aztertuko ditu eta ezagutzera emango du zer tresna dauden herrian berari aurka egiteko.
Azaroaren 24an txango bat egingo da gazteen arteko indarkeria prebenitzeko Gasteizen egingo den Beldur Barik Topaketara. Azaroaren 25ean, aldiz, elkarretaratze bat egingo da.
«Horma hautsiz” lana Errotan egingo da azaroaren 26an, 09:00etatik 20:30etara, eta azaroaren 27an 09:00etatik 15:00etara. Azaroaren 29an, Miriam Rodriguez abadiñarrak hitzaldi bat emango du Errotan artelan horren bilakaerari buruz. Azkenik, abenduaren 1ean, perkusio eta dantza afrikarreko Mügarra andra taldeak omenaldi bat egingo dio Afrikari Errotan.