Hannoverko etorritako ikasleei harrera egin die Durangoko udaletxean
San Antonio ikastetxearekin hitzartutako eskola trukearen harira, Aitziber Irigoras Durango alkateak eta Mari Jose Balier zinegotziak harrera egin die gaur goizean Hannoverko Langenhagengo ikastetxe publikoko Bigarren Hezkuntzako 3.mailako 23 ikasleri.
Pasa den ostiralean iritsi ziren Durangora eta astebetez egongo dira udalerrian. Egun hauetan, Durango ez ezik, Euskadiko beste hainbat txoko ari dira ezagutzen, Bilbo, Donostia, Sopela eta Gernika-Lumo besteak beste.
Elkartrukerako programa honen helburuen artean, gaitasun linguistikoak hobetzea, ikasleak motibatzea eta beste bizimodu eta kultura batzuk ezagutzea dira.
Ostegun honetan, San Antonio ikastetxean, arratsaldeko 20:00etan, jaialdi berezi bat antolatu dute ikasle alemaniarrak agurtzeko. Martxoaren 30etik apirilaren 6ra, durangarren txanda izango da, San Antonioko 25 ikaslek bisita bueltatuko baitiete.