Igandea,
2024ko Azaroak24

MugaKultura

loader-image
Durango
9:58 am,
temperature icon 15°C
Humidity 76 %
Ráfagas de viento: 58 Km/h

“Durango, ordaintzeko txanda!”

Aritz Bravo

Aritz Bravo

· Durangoko EH Bilduko zinegotzia

Iragan barikuan Eusko Jaurlaritza eta ETSko (Eusko Trenbide Sarea) ordezkarien bisita izan genuen. Trenaren lurperatzeak libre utzitako lurren urbanizazio plana aurkeztera etorri ziren. Hau da, Durango erdian hutsik ditugun eremu hauetan zer egin nahi duten esatera etorri ziren.

Eta ahoz aho zebilen “sekretua” konfirmatu zuten: Durango erdian 18 pisuko 5 dorre egin nahi dituzte. Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak argi esan zuen: “Eusko Jaurlaritzak egindako inbertsio bat izan da, eta orain bueltan etorri behar da dirua”. Hots, orain Durangori tokatzen zaiola ordaintzea.

Behin eta berriz errepikatu zuen ‘Durango Operazioa’ ordaintzeko 250 milioiak Eusko Jaurlaritzak jarri zituela. Baina beste gauza batzuk esatea ahaztu zitzaion.

Ahaztu zitzaion errepikatzea 250 milioi horiekin ordaindu direla Matiena eta Eubako estazio berriak, Lebarioko garajeak, Zornotzatik Abadiño arteko trenbidearen 15 kilometroen zabaltzea edota 27 trenbide-pasagune kentzea (zeinetatik 6 soilik dauden Durangoko lurretan).

Ahaztu zitzaion aipatzea obraren gainkostua. 67,3 milioiko aurrekontua zuen obra honek 250 milioi euroko kostua izan zuen amaieran. Nire etxeko obretan hasieran ezarritako aurrekontua laukoiztu ezkero, norbaiti kontuak eskatuko nizkioke, egia esan.

Gauza bat bederen eskertu behar diogu Aiz sailburuordeari: durangarrok obra guzti honetan inbertitu den dirua itzuli behar dugula argi esatea da. Azken finean, ez dela debalde izan, eta Durangori tokatzen zaiola orain faktura ordaintzea. Berdin zaiela Durangon 1.500 etxebizitza huts inguru izatea herrian eta beste 2.100 inguru egiteke egotea. Beraiek 554 etxebizitza egin nahi dituzte dirua berreskuratzeko eta hala egingo dutela.

Eta hau Eusko Jaurlaritzatik planteatzea gaizki deritzot. Baina beno, beraien interes propioetan pentsatzen egongo direla pentsa nezake, espekulatzaile pribatu bat lez.

Baina zentzugabekeria hau txalotzea gaur eguneko gobernu taldea denak, edota etorkizunean ala izan nahi duenak, arduratu egiten nau. Asko arduratu gainera! Edo akaso, ez zaie ongi iruditzen, baina nahiago dute beraien alderdientzako onena zer den pentsatzea durangar guztion onura beharrean. Herritarrekin baino, nahiago dutela apika Eusko Jaurlaritzarekin ondo geratzea. Bakoitza bere printzipio eta ekintzen mirabe da beti.

Baliteke logika honekin azaltzea Durango eta Durangaldean bizi dugun bazterketa egora: peaje bidegabeak, pediatria zerbitzu eskasa, airearen kutsadura arazoa konpontzeko interes eza,…

Arazo asko dauzkagu Durangon. Eta ez dirudi “goitik” etorritako inork konponduko dituenik. Eskerrak azken aldian Durango martxan dabilen herria dela argi ikusten dugun eta inposaketa eta bidegabekerien aurrean badaukala erantzuteko ahalmenik. Ea zer dioten honen aurrean Eusko Jaurlaritza eta Durangoko gobernu taldeak. Guk gure hautua egina daukagu. Aspalditik egina gainera.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu