Igandea,
2024ko Azaroak24

MugaKultura

loader-image
Durango
6:14 pm,
temperature icon 18°C
Humidity 65 %
Ráfagas de viento: 60 Km/h

Erakargarria izatea helburu

image_small

Gerediaga Elkartea

Aurrekari parea: San Salbador ermitaren egoera ez ona eta Astolako etxea  paradore nazionala bihurtzeko ideia.  Lehenengoa konpontzeko eta bigarrena geratzeko, pentsaera ezberdinetako jendea batzeko balio izan zuten biek.  Horri indarrean sartu berri zen elkarteen legea gehitu zitzaion. 1965 urte hasiera. Diktadura oraindik. Urte hartako urtarrilaren 22an batu ziren lehenengoz Durangaldeko Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea sortu zutenak. Lehenengo batzar horretan hasi zen 50 urteko ibilbidea.

Asko zor diegu pausuak ondo ematen asmatu zuten lehenengo elkartekideei. Pausu ziurrekin, ausardiaz, irudimenez, etsi barik, legeak uzten zien zirrikituak aprobetxatu zituzten.  Zaila da garaia bizi ez dugunoi ordukoen izaera iraultzailea azaltzea: lurraldea defendatu eta kultura zabaltzeko hainbat ekimen.  Horren adierazle, esaterako, lehen urtean egindakoak: 6000 lagun erakarri zituen pintura erakusketa esanguratsua, lehenengo egin zen arkitektura erregionalaren kongresua, zinema industriaren emanaldiak eta Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka.

Eskualdearen identidadea izan dugu beti oinarri, lurraldetasuna jomuga. Zentzurik zabalenean Durangaldearen berpizkundean eraginez, dinamizatzaile eta babesle ere izan gara. Ondarearen esparru ugari landu ditugu,  galtzeko zorian egon diren ohiturak biziberritzeko ahaleginetatik hasi eta memoria historikoa berreskuratzeko ikerketa lan korapilotsuetara arte. Herri mugimendu askoren aterpe eta babesleku ere izan gara (alfabetatze taldeak, ikastolen aldekoak, herri eta auzoetako jai batzordeak, dantza taldeak edota antzerki taldeak).

| ZAINDU, IKERTU, ZABALDU | Hasierako beharrizanak erakunde demokratikoek eta arloz arlo sortzen joan diren elkarteek bete izan dituzten heinean,  “zaindu, ikertu, zabaldu” leloak identifkatu gaitu. Ondarearen berreskurapenean,  ikerketa lan batzuk bultzatzen, beste batzuk laguntzen eta guztia ezagutzera emateko ahaleginetan ibili gara lanean.

Aurrerantzean ere horretan lan egingo dugu, baina garbi daukagu forma berriagoak eta erakargarriagoak bilatu behar ditugula egungo garaietara egokitzeko. Gai gara horretarako. Durangoko Azokarekin demostratu dugu. Baina, aurrerapausuak zelan eman ondo pentsatu eta hausnartu behar dugu.

50 urte betetzen ditugu aurten. Urteko ohiko ekintzez gain, urte guzti hauetan lan egin dutenak eskertzeko tarte berezia hartuko dugu. Baina, aurrera begirako pausuak sendo emateko lanari ekingo diogu aurten bereziki. Durangaldearen alde lan egitea erakargarri egingo dugu.

* Durango Merinaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu