Noiz hurrengoa?
Irene Loizate
Irteerako turutaren soinua belarrietatik barneratzen denean, orduan askatzen dira aurreko egunetan gorputzean iltzatutako tentsio guztiak, eta lasterketako azkeneko metroak balira bezala irteten gara, ezin arinago.
Avilesen ere hala hasi da lasterketa eta bagoaz alde zaharreko laberintoan barrena korrika. Kanpotik ikusita agian iduri du minotauroagandik ihesi goazela, baina barrenetik, helburua argia da, aurrenekoekin batean egitea korrika egin beharreko bost kilometroak, horrela gurpilgainean taldetxo horretan joateko, eta bukaeran aurrerengoen postuak lehiatzeko. Baina, abiadura azkarra jarri du baten batek eta gero eta gutxiagok eusten diote aurreko talderi, eta azkenean, neuk ere ezin eutsi. Lau edo bost joango dira buruan, bi atzerago gelditu gara “hamar segundora, bertan dituzue!” informazio baliosa ematen digute ikusleek. Gainerakoak atzetik datoz. Baina hamar segundoak laster hamabost bihurtu dira eta gero hogei.
Bizikletara salto egin eta aurrekoei atxiki nahian pedalei ahalik eta gogorren eragiten diet, bi goaz, txandaka batak besteari haizea kenduz, baina laster atzetik datozen bostek harrapatu gaituzte, eta poztu naiz tropeltxoa sortu denean zeren indarrak berreskuratzeko behar larria baitut. Baina zirkuitua ez da erraza, kurba eskuirena, gero ezkerrera, lerro zuzenik ez dago, eta oinezkoen bidetik goazenez lurra labankor da leku askotan; eta eskerrak zeruko jainkosak gaur umore onean dauden! Ze lur honetan falta den bakarra euri tantak dira, orduan bai abenturak!
Aurrekoei atxiki nahi baina ezin, hala hogei kilometro osatu ditugu azkenean, eta korrika lasterketa amaitzea baino ez da gelditzen. Korrika egiteko zapatilak ezin sartu eta segundo horiek atseden txiki bat hartzeko baliogarriak dira. Jada ezinezkoa da aurrerengoekin amaitzea, baina dena dela ahalik azkarren irten naiz, eta iduri du ezinezkoa dela erritmo honetan ehun metro baino gehiago eustea; beste lasterketetan ere agertu zait sentsazio hori, baina jarraitu eta jarraitu eta azkenean hortxe dago helmuga. Eta amaitu da duatloia. Noiz hurrengoa?