EH BILDU: «Zelaietako berrantolaketan beharrezkoa da auzokideen ikuspuntuak uztartu eta erabakitzeko aukera ematea»
Testua · EH Bildu Abadiño
Orain arte Zelaietan hainbat talde eta auzotarrek berrantolaketari egindako ekarpenak egoki ikusi eta txalotzen ditugu, eta uste dogu elkarlanean eta elkar entzunez jarraitu behar dugula lanean proiektu hau borobiltzeko.
Horretarako udaletxeak baliabideak jarri behar ditu, teknikariekin antolatutako parte hartze saioak eginez. Bertatik ateratako ondorio nagusiekin proposamen bat edo gehiago garatu eta azkenik bozketa bidez auzotarrei erabakitzeko aukera eman. Gaiak auzo guztiari eragingo dio eta EH Bilduren ustez, era serio eta demokratiko baten jorratu behar da.
Auzoa urbanizatzeko 1.200.000€ euro erabiliko dira 2018-19 urteetan, baina udaletxeak egiten duen proposamena ibilgailuen trafikoaren norabideak zehazteko baino ez da. Nolakoak izango dira oinezkoentzako guneen segurtasuna, espaloiak, bizikletentzako ze ibilbide egongo da, karga eta deskargarako gune eta ordutegiak, garaje ezberdinetako sarrerak eta aparkalekuak… Azken baten zein da diru guzti horrentzako proiektua? Benetan uste al du udal gobernuak auzo baten berrantolaketa eta urbanizazioa horrela kudeatu daitekeela?
Duela bi urte burutu genuen sinadura bilketan 400 auzotar inguruk beraien babesa eman zioten gure planteamenduari, eta udalari gai honen inguruan hausnar dezala eskatu diogu.
Gobernu taldeak proposamena azaltzeko ordea ez du inolako aurkezpenik egin, eraikin publikoetan plano bana besterik ez dute jarri, eta plano horiek auzotarrek ez dituzte ulertzen eta nahastuta daude. Bere burua zuritzeko, auzotarren proposamenak jasotzeko egun bat jarri dute, aste santuko oporren astean, eta hortaz eguna ere ez da egokia. Ez dugu onartuko iradokizunak jasotzeko jarritako egun bati parte hartze prozesu dei diezaioten.
Horregatik auzotarrei deia luzatzen diegu, martxoaren 26-an, astelehena, arratsaldeko 6etan Txanporta kultur etxean egongo diren udal gobernuko ordezkariei, benetako parte-hartze bat eskatzera hurbil daitezen. Elkarlanean auzotarrek laguntza teknikoarekin egindakoa.
Era berean, ostegun honetan arratsaldeko 6etan Txanportan, egoerari buruz gure ikuspuntua partekatzeko egingo dugun batzar irekira etortzeko gonbita luzatzen diegu.
Etiquetas: Abadiño, EH Bildu