Elorrioko basilika eta hiribildua, Aste Santuetako bisita gidatuen interesgune handienak
Martxoaren 28 eta 31 artean Elorrioko toki bereziak ezagutarazteko irteera gidatuak antolatu zituen turismo bulegoak, Aste Santuetako ohiko jarduera izanik. Aurten pandemiak eragindako beherakadari buelta ematea lortu dute, herrian turista kopuru handia batu dela kontuan hartuta.
Hala, 69 lagun animatu dira Basilika, Argiñeta, Hiribildua eta Gurutzeen bidea bertatik bertara ezagutzera. Bisitari gehienak Elorrio edota EAEtik etorritakoak izan dira, baina Estatu mailatik etorri eta eskaintzaren berri izan duten turista batzuek ere izena eman dute. Gehienak helduak izan dira, baina ume eta gazteak ere ez dira falta izan.
«GUZTIAK HARRITUTA»
Arrakasta gehien izan duten bisitak kalean egin direnak eta basilikakoa izan dira. Azken horretan kanpandorrera igotzeko aukera ere izan dute bisitariek. Turismo bulegoak balorazioa oso positiboa egin du orokorrean, Elorriok duen ondarea ikustean “guztiak harrituta” gelditzen direla nabarmenduta.
Bestalde, gida birtuala ere eskaintzen zaie turismo bulegora sartzen diren bisitariei. Askok euren mugikorretan deskargatzen dute bisita APPak lagunduta egiteko, eta interes handia jartzen dute, zoragarria iruditzen baitzaie gida birtualak duen eduki sorta.