Hilketa matxistagatik zigortutako gizon batek heriotza-mehatxua egin dio Pilar Rios berdintasun saileko presidenteari
Testua · Durangoko Udala
Pilar Rios Durangoko alkateorde eta berdintasun saileko presidenteak heriotza-mehatxuak jasan zituen pasa den ostiralean Madalenako kafetegi batean. Mehatxugilea Felipe Ardanza da, Ofelia Hernandezen hiltzailea, une honetan baldintzapeko askatasunean dagoena. Durangoko 4. instrukzio epaitegiko epaileak, gaur goizean bertan, lau hilabeteko urruntze-agindua ezarri dio Felipe Ardanzari mehatxu-delitu bat egiteagatik.
Gertaerak arratsaldeko zazpi eta erdiak inguruan eman ziren Pilar Rios familiarteko batekin kafetegi batean zegoenean. Sententzian jasotzen denaren arabera, une horretan gizon batek, gerora Felipe Ardanza modura identifikatua izan zena, Pilar Riosengana hurbildu eta heriotza-mehatxua egin zion, hain zuzen ere, pistola batekin tiroa egiteko keinua egin zion bost aldiz.
Pilar Riosen ustez berdintasun saileko presidente kargua betetzen duelako Durangoko Udalean egin zion mehatxu. 2006ko azaroan, Felipe Ardanzari 17 urteko kartzela-zigorra ezarri zitzaion Ofelia Hernandez bere bikote ohia hiltzeagatik. Kasuak berebiziko astinaldia eragin zuen durangar gizartean.
Pilar Rios, atzo, Durangoko epaitegira joan zen beste erakunde batzuetako zenbait ordezkarirekin: Teresa Laespada, enplegu, gizarteratze eta berdintasun arloko diputatua; Aitziber Irigoras Durangoko alkatea; Mari Jose Balier Durangoko Udaleko alkateordea; Begoña Gil, Euskadiko PSE-EEko idazkari instituzionala; Francisco Fernandez, Bizkaiko antolakuntzako idazkaria eta Idoia Agorria, Durangoko Udaleko PSE-EEko aholkularia.
Durangoko Udaleko bozeramaileen batzordeak, gaur bertan bildu ondoren, kondena-testu bat onartu du aho batez.
Udalak, bestalde, martxan jarri du emakumeen aurkako biolentzia kasuetarako aurreikusita duen protokoloa eta, aldi berean, dei egiten die durangarrei Andereak elkarteak deituko duen kontzentrazioan parte hartzera.