Larunbata,
2024ko Azaroak23

MugaKultura

loader-image
Durango
6:12 am,
temperature icon 8°C
Humidity 79 %
Ráfagas de viento: 35 Km/h

Amurizak ‘Neska bat leku inposiblean’ liburua aurkeztu du

Berrizko Xabier Amuriza idazlearen azken emaitza literarioaren aurkezpena egin da gaur. Bere liburu berria ‘Neska bat leku inposiblean’ da eta berak irakurritako testua hemen duzu:

 

Xabier Amuriza

Eleberria honela hasten da: “Zein erraza izan zen ezina!”. Eta amaitzen da: “Errepikatzea merezi luke”. Zein erraza izan zen ezina! Errepikatzea merezi luke. Haste eta amai horiekin, istorio gozo bat datorrela pentsa liteke, bi esaldien artean kartzela bat ez balego. Kartzela horrek baditu berezitasunak, batzuk esklusiboak. Mendebaldeko historia osoan nekez aurkituko da apaizen presondegi bat, zeinaren jabetza eta gobernua Elizak eta Estatu batek partekatzen dituzten.

Kartzela horren beste berezitasun bat da tunel bat dagoela bertan, 17 metrokoa, apaiz presoek egina, urte eta erdian zehar. Beste berezitasun ez txikiago bat da tunela amaituta dagoela, eta iheslariak ez direla irteten. Bada, azkenik, berezitasun fatidiko bat ere: ihesa bakarrik falta denean, tunela deskubritua izan da.

Kanpotik begiratuta, galdera asko egin daitezke, eleberrian argituz joango direnak. Hiru hautatu ditut, laburpen bezala, kartzelako zuzendariak eta epaile instruktoreak egin dituztenak.

1) Lurrarekin zer egiten zenuten?

2) Zer erreminta erabili duzue?

3) Hondea-makina batek tunel amaitua bistaratu duenean, kartzelako zuzendariak hots egiten du: “Baina orduan, nola daude hauek barruan?”.

Badira beste galdera asko, barrukoek bakarrik jakin ditzaketenak, eta berdin eleberrian zehar argituz joango direnak. Hauetatik ere hiru hautatu ditut, laburpen bezala.

1) Zuzendariaren “nola daude hauek barruan?” ez da guztiz egia. Hilabete eta erdi daramagu kartzelatik kanpora irteten eta kartzelara itzultzen. Izan ere, kanpo-murruaren kanpotiko irteera prestatzea oso lan delikatua eta luzea da. Hala, kartzelatik kanpora lan egiten dugu, eta kartzelara itzultzen gara, lanetik etxera bezala.

2) Laugarren metrotik aurrera, ezin da buruko mina jasan. Garunak lehertzear daude. Zer gertatzen da? Oxigenoa falta da. Nola konpon daiteke arazoa?

3) Bosgarren metroan goazela, tunela urez betetzen da. Hustu eta bete, behin eta berriz, behin eta berriz. Arrisku nagusia ez da ura bera, bustitasunean goia erortzea eta bertan ehortziak izatea baizik. Ez dago zereginik! Baina egon behar du! Nola konpondu da arazoa?

Tunelaren berezitasunik nabariena da neska bat dela bertako protagonista nagusia. Hortxe filtratu zen eta –askoz zailago dena– hortxe gordetzen da, “leku inposiblean”. Neska bat gizonezkoen kartzelan, eta gizonezko apaizen kartzelan. Berari esker, historia galtzaile batek badu alde garaile bat, errepikatzea merezi lukeena. Bera dela bide, porrot mingarri batek alegoria pozgarri bat sortu du. Alegoria pertsonal bat autorearen aldetik, eta beharbada, alegoria orokor bat ere bai. Eta beharbada, orokortasun hori multiplea izan daiteke. Baina hori irakurlearen aukeran gelditzen da.

Azkenik, tunel horren barnetasun guztia, barne egia guztia, hementxe dago: bonbilla gaixo bat. Beronek argitu zuen dena, eta ikusi zuen dena. Beronek sinbolizatzen du tunelaren arima. Berau da nire bizitzako bonbilla. Orain, bonbilla honek, jatorrizko tunelaren porrota ikusi zuenak, lortuko balu arrakasta zerbait tunel literarioan, bere izenburuko protagonista inbisiblea nire bizitzako neska izango litzateke. Hala
ere, haur baten ahotik bezala entzun nahi baduzue, nahiago dut neska hori izatea, nirea baino gehiago, zuena.

azalak

BIO · Xabier Amuriza (Etxano, 1941).

Sortzaile polifazetikoa. Bertsolari gisa da batez ere ezaguna, baina egin ditu baita ere itzulpenak, poesia, diskoak, eleberriak, saiakerak… Abade, politikari eta kazetari ere izana. Bere liburuen artean aipa ditzagun, adibide modura, Hil ala bizi eleberria (Elkar, 1983), Enaz banaz autobiografia (1999, Bertsozale Elkartea), Agur, sagar beltzeran bertso bilduma (2001, Bertsolari), Euskara Batuaren bigarren jaiotza saiakera (2010, Lanku).

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu