MAIALEN MARIN DURANGARRA: “Nire lehen aldia izango da San Agustinen. Oso urduri nago, baina oso pozik ere”
JON BARAJA
KULTURA DURANGO
Durangoko San Agustin Kultur Gunean La Brecha konpainia gaztearen Mi madre también quiso ser pez antzezlana ikusi ahal izango da maiatzaren 4an, 19:00etan. Pieza honetako zuzendari eta antzezle den Paula Prol ermuarrarekin batera, Maialen Marin aktore durangarrara igoko da oholtzara amatasunaren bitartez itxaropena aldarrikatu nahi duen ikuskizun hau eskaintzeko. “Nire inguruko jendea bertan egoteak bultzada bat emango dit”, adierazten du Marinek, Itzulpengintza ikasi ostean Bilboko Dantzerti Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolan graduatu den 31 urteko gaztea.
Ermua Antzokian, maiatzaren 3an, 20:30an, ikusi ahal izango da lehen aldiz La Brecha konpainia gaztearen Mi madre también quiso ser pez antzezlanaren bertsio luzea. Eta egun bat geroago, maiatzaren 4an, 19:00etan, Durangoko San Agustin Kultur Gunean taularatuko dute Paula Prol ermuarrak eta Maialen Marin durangarrak pikutara doan mundu honetan amatasunaren bitartez itxaropena aldarrikatzen duen ikuskizun hau. Albar Cirarda getxotarrak, zuzendaritza laguntzaile gisa, bere aletxoa jarri du ere obra aurrera eramateko.
“Paulak amatasunaren inguruko ikerketa batetik abiatu zuen testua. Amatasuna da abiapuntua, baina itxaropenaren bilaketaren inguruan hitz egiten du. Nahiz eta fikzioa izan, antzerkia eta errealitatea lotuta daude eta gure sentimendu eta bizipenetan oinarrituta dago ere”, azaldu dio Maialen Marinek MUGA-ri. “Obrak egunero errutina berdina izateari buruz ere hitz egiten du, mundua aldatu nahi dugula baina gero hori lortzeko pausorik ematen ez dugula”, gaineratzen du aktoreak.
“Genero zehatz batean sailkatu ezin den antzerki postdramatikoko lan bat dela esan daiteke. Komediarako eta dramarako tarteak daude. Eta laugarren horma guztiz apurtzen da. Ez da eztabaida bat sortzen ikusleekin, baina badago interakzioa eta haiek zeozer sentitzea dugu helburu”, gehitzen du 31 urteko durangarrak. Marin lehen aldiz igoko da San Agustineko oholtzara. “Oso urduri nago, eta oso pozik ere bai. Nire inguruko jendea egoteak bultzada bat emango dit”, onartu dio komunikabide honi.
LO QUE NO SE VE
Pasa den urtean Vulnera konpainiaren Lo que no se ve lanean parte hartu ostean, Mi madre también quiso ser pez bere bigarren proiektu profesionala dela esan daiteke. Izan ere, interpretazioa ikasteko pausua ematea apur bat kostatu zitzaion durangarrari. “Betidanik gustatu zait zinema, musika, abestea… artea orokorrean. Inguruko jendeak klaseetara joatera animatzen zidan, baina lotsa handia ematen zidan, ez nintzen ausartzen. Karrera aukeratzeko unean Madrilera Arte Dramatikoa ikastera joatea bururatu zitzaidan, momentu horretan hemen ez zegoelako aukerarik, baina hizkuntzetan oso ona nintzen eta azkenean Itzulpengintza ikastea erabaki nuen. Milanen eta Montrealen egon nintzen bizitzen eta urte oso onak izan ziren”, gogoratzen du Marinek.
Hala ere, Itzulpengintza bukatu ostean, Sevillara joan zen urte bat ikus-entzunezko itzulpengintza ikastera. “Zinematik eta artetik gertuago egoteko modu bat zen”, azpimarratzen du. “Eta 2016an Dantzertiko sarrera-frogetara aurkeztu nintzen eta sartu nintzen. Karrera oso gogorra izan zen, uzteko zorian egon nintzen behin baino gehiagotan”, aitortzen du. Dena den, aurrera jarraitu zuen eta bere bidea egiten hasi da interpretazioaren munduan. “Etorkizunera begira, ikus-entzunezko proiekturen batean parte hartzea gustatuko litzaidake, oraindik ez dudalako arlo horretako proiekturik egin. Badakit zaila dela, baina nire helburua ahalik eta proiektu gehienetan parte hartzea eta honetaz bizi ahal izatea da”, onartzen du itzultzaile gisa lan egiten duen durangarrak.