Abadiñok emakumeen aurkako indarkeriaren gaineko II. Koordinazio Protokoloa helaraziko dur herriko etxe guztietara
· Biktima horiek artatzeko dauden baliabideak zerrendatzen dira, besteak beste, dokumentu horretan
Abadiñoko Udalak aste honetan banatuko du herriko buzoietan indarkeria matxista pairatzen duten Durangaldeko emakumeendako arreta eta koordinazioa hobetzeko erakunde arteko II. Protokoloaren laburpena. Dokumentu hori azaroaren 24an sinatu zuten Abadiño, Durango, Berriz eta Elorrioko udalek, Durangaldeko Mankomunidadeak, Osakidetzak eta Ertzaintzak, eta helburutzat dauka, besteak beste, hobetzea emakumeen aurkako indarkeria borrokatzeko lanean ari diren erakundeen arteko koordinazioa, arazo horri hobeto erantzuteko.
Banatuko den testuan daude jasota emakume biktimak artatzeko dauden baliabideak eta argitzen da nola jo euretara. Dokumentua Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan ere egongo da nahi duen guztiaren eskura, euskeraz, gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz. Protokolo osoa, berriz, «www.abadiano.org» web orrian jarrita dago.
Testu horrekin batera herritarrek alkatearen idazki bat jasoko dute non Jose Luis Navarrok azalduko dien testu hori banatuz Udalak eutsi egiten diola emakumeen aurkako indarkeria borrokatzeko hartua daukan konpromisoari, eta oraindik “lan asko dagoela egiteko” izurri horrekin bukatzeko.