Asteazkena,
2024ko Azaroak27

MugaKultura

loader-image
Durango
4:50 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 77 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

Euskararekiko borondate falta

LAzkano

Gorka Lazkano

 

· Gorka Lazkano (Berriz, 1980) bertsolaria da

Astebete igaro da, Berrizko Eitua industrigunean dagoen gasolindegi batean argazki hau atera nuenetik. Egia esan, ez naiz ni sare sozialetara gauza asko igotzen duenetakoa, baina hain egin zitzaidan mingarria unean bertan, ezen ez nuela birritan pentsatu eta nire Facebookera igo nuela.

Gorka

Nola da posible garaiotan eta Durangaldea bezalako eskualde batean (honekin ez dut esan nahi beste edonon onargarria denik) esaldi bat gazteleratik euskarara hain gaizki itzultzea? Non galdeturik ez al dago!? Nik dakidala, urrunago joan gabe, udaletxean ere badago enpresei zuzendutako itzulpen zerbitzu bat, baina noski, zertarako galdetu!? Zertarako denbora galdu? Azken finean, inor gutxik begiratuko dio euskarazko esaldiari ezta? Eta begiratzen badio ere gazteleraz irakurriko du eta kito!

Kontua da, argazkikoa ez dela kasu bakarra, ezta gutxiagorik ere! Gainera honek errurik kentzen ez badio ere, argi utzi behar da enpresa pribatu batek egindako akatsa dela eta horrelakoetan… Hala ere esango nuke jada ohituta gaudela, gure herrietako kaleetan, parkeetan,igerilekuetan, tren geltokietan, ospitaleetan,… euskarazko itzulpen zentzugabekoak ikusten, eta aipatutako horiek erakunde publikoen ardura dira. Erakunde publikoen ardura da baita ere hezkuntza, eta oraindik tripetan zehar bueltaka darabilt, EHE-k  joan den astean emandako datuen zapore garratza; EAE-n ikasleen erdia soilik euskaldundu du hezkuntza sistemak.

Uste dut, guzti honek zer pentsatua eman behar digula eta eskubideak hainbeste aipatzen diren gizarte honetan, pentsatu nahi nuke honelako kasuekin nik bezala beste askok ere beraien hizkuntza eskubideak urratzen direla sentituko dutela. Are gehiago esango nuke, ez hizkuntza eskubideak bakarrik, izateko eskubidea ere bai, izan ere euskaraz bizitzearena izateko, sentitzeko,edo eta bizitzeko modu bat baita.

Euskara, ofiziala, geurea, betikoa eta abar dela esaten bada ere esango nuke ez zaiola merezi duen garrantzirik edo pisurik ematen eta nire ustez hori ARDURAGABEKERIAZ jokatzen da. Baliteke norbaiti ez gustatzea arduragabekeriarena, beraz, Abenduko koplak, Santa Ageda eta Eguen Zuri pasa berriak diren honetan borondate apur bat eskatuko nuke, noizbait izan ziren haiek eta gaur garen apurrok, etorkizunean NOR izan daitezen beraien etxean.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu