GUTUNA · 2018ko Abadiñoko Aurrekontuen beste aurpegia
EH Bildu Abadiño
2018ko Abadiñoko Aurrekontuen beste aurpegia. Diru sarrerek gora egin dute, baina zergek gorago.
2018ko udal aurrekontua 10.112.005€-takoa izango da aurten, iazkoa baino %9,43 altuagoa: hain zuzen ere, 871.423€ altuagoa. Hala ere, sarrera eta gastu orokorraren arteko balantzea (aldea) 1.520.390€-takoa da sarreren aldeko, eta horrek eztabaidagai jartzen du berriro ere gobernu taldearen zergekiko kudeaketa; batez ere, IBI-arena.
Udalak bere gastuei modu hain erosoan aurre egin badiezaieke, zer dela eta jarraitu behar dugu ordaintzen herritarrok horrenbesteko IBIa? Aurten, IBI zergarekin 482.379€ (%32) gehiago batzea dago aurreikusita; nori egiten dio mesede neurrigabeko zerga horrek? Dirua biltzen duenari eta ondoren botoak irabazteko erabiltzen duenari.
Aurrekontu elektoralistak.
2018ko aurrekontuak, hauteskundeen atariko aurrekontuak izaki, kutsu elektoralista nabarmena dute; bai Abadiñoko Independenteak eta baita EAJ ere diru publikoarekin kanpainan ari dira. Dagoen diru gehigarriarekin hainbat inbertsio egingo dira, onuragarriak gehienak, baina zer dela eta denak arrapaladan egin 2018an? Zergatik EAJk aurrekontuak onartu orduko prentsaurrekoa eman berauei esker hainbat proiektu daudela salduz? Zergatik EHBildu, herriko sektore garrantzitsu baten ordezkaria, aurrekontuen lanketatik aparte utzi parte hartzeko aukera ukatuz? Guzti horren arrazoia argia da: Abadiñoko Independenteak eta EAJ-k aurrekontu hauekin botoak irabazi nahi dituztelako, eta gu partida horretatik kanpo utzi.
Muntsaratz berriz ere ahaztuta.
Inbertsio batzuetara partidak bideratu dira bai, Zelaietako berrantolaketa edo jolasetarako aterpea esaterako, baina ez dakigu nola gauzatuko diren proiektuok. Bestetik, inbertsioetarako bideratu diren 1.055.000€-ez gain remanentean dagoen dirua ere erabiliko da. Hala ere, Muntsaratzerako ez da proiekturik aurkeztu, eta gobernu taldeak ez dabil auzo horretako beharrizanak behar bezala kudeatzen. Muntsaratz “lotarako hiri” “pueblo dormitorio” bilakatzen ari da, eta berandu baino lehen aldatu beharko litzake egoera hori.
Inbertsioak bai, baina kudeaketa ere bai.
Legegintzaldi bukaeran, ohikoa izaten da gobernu taldearen balorazioa kalibratzeko honek egin dituen inbertsioei erreparatzea; batik bat, legegintzaldi ona izan den edo ez argudiatzeko. Hala ere, inbertsio eta proiektu handietatik aparte, egunerokotasunean eta herrigintzan erakutsi behar du gobernu batek bere balioa. Hori dela eta, EH Bilduren ustez, gobernu taldearen kudeaketa lana ez da batere egokia izan: Urtebete baino gehiago inauguratuta eta erabili ezin den rokodromo bat, kultur eta kirol kontseiluak sapuztuta, IBI zerga itogarria herritarrontzat, urteetan eskualdeko tarifa altuenak igerilekuan, lan poltsa eta enplegu sustapenik eza, azpikontratatutako zerbitzuen jarraipenik eza, etxebizitza politika espekulatiboan jarraitzea… Hori guztia hartu behar da kontuan gobernu taldearen lana baloratzerakoan.
EH bilduri lanketan parte hartze ukatu zaio.
Aurrekontu hauetan parte hartzen utzi ez digutelako. Guk beti adierazi dugu hitz egitea beti dela onuragarria, aportazioak egin genitzakela eta aurrekontuak ezin direla lehia politiko eta interes partidistei erantzuteko erabili. Bestalde, alkateak aukera hori aurrekontuen inguruan beraiekin hitz egiteko konfiantza erakusten diogunean izango dugula erantzun zigun; nor da alkatea 1500 herritarrek bozkatu duen talde bati entzungor egin eta aitzakia hain merke bat jartzeko? Alkatearen erantzunak argi uzten du elkarrizketarako dituen dohainak urriak direla, eta gustuko duen erantzuna jasotzeko baino ez duela hitz egin nahi. Gainera, behar bezala lotu zituen EAJren bozkak legegintzaldi osorako; eta, noski, EH bildu bazterrean utzi. Hala ere, mezu hau bidali nahi diogu Jose Luis Navarro alkateari: guzti honen gainetik, hurrengo urtean ere prest izango gaituzu hitz egiteko, guk herriarentzat egiten baitugu lan.