Asteartea,
2024ko Abenduak03

MugaKultura

loader-image
Durango
6:26 pm,
temperature icon 11°C
Humidity 95 %
Ráfagas de viento: 4 Km/h

Programazio zabala antolatu du Amorebietako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, ospakizuna eta kontzientziazioa uztartuz

Martxoaren 8aren atarian, Amorebieta-Etxanoko Udalak prentsaurrean eman du Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako jardueren berri emateko. Bertan, Ainhoa Salterainek (alkatea) eta Jon Artabek (Idazkaritza, Funtzio Publiko, Gardentasun eta Gobernu Oneko zinegotzi eta Euskara, Berdintasun eta Arkalaz-en zeharkakotasunaren koordinatzailea) azaldu dute, programazio honen helburua dela genero-berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko borrokaren inguruan hausnartzea, heztea eta kontzientziatzea.

Ainhoa Salterain alkateak data honen garrantzia azpimarratu du agerraldian: «Martxoaren 8a ospatzeko eguna ez ezik, Udalaren konpromisoa berresteko eguna ere bada, erakunde bezala genero berdintasunarekin, kontzientziazioarekin eta gizarte berdinzaleago eta bidezkoagoa batera pausua emateko dugun beharrarekin. Udal bezala, gure eginbeharrak dira, besteak beste, diskriminazioaren eta genero-indarkeriaren biktimak babestea, eta bizitza publiko eta pribatuko eremu guztietan berdintasun eta errespetu kultura sustatzea».

Horrela, Salterainek azaldu duenez, Amorebieta-Etxanoko Emakumeen Nazioarteko Egunaren programazioak hainbat ekimen eta jarduera biltzen ditu, eta horietako bat da Marixelarre Sariaren hirugarren edizioa: «edizio honek kirol-arloan dauden desberdintasunak jorratzeko eta gainditzeko premia azaleratzen du. Gure herrian, elkarteen bidez kirolarekin lutura duten emakume zornotzarrei aitorpen berezia egin nahi diegu. Gaur egun, 1.205 emakume dira, beren ahalegin eta dedikazioarekin, praktikatzen duten diziplina bakoitza aberasten dutenak. Horrela, Amorebieta-Etxanoko kirol elkarte bakoitzetik hiru emakume gerturatuko dira ekitaldira, gainerako guztien ordezkari gisa. Ikuspegi horrekin, emakumeek kirolean izandako lorpenak eta inpaktua balioetsi nahi ditugu, eta berdintasunarekiko dugun konpromisoa ere azpimarratu nahi dugu, emakumeen presentzia gure komunitatean eta kirolaren arlo guztietan bermatuz».

Programazio anitza

Bestalde, Jon Artabek, martxoaren 8aren inguruan antolatutako programazioa azaldu du: “Emakumeen Nazioarteko Egunaren programazioak askotariko jarduerak aurreikusten ditu, hala nola, hezkuntza-hitzaldiak eta inspirazio-hitzaldiak, emakumeen lorpenak ospatu nahi dituzten kultura-ekitaldiak eta aurre egin behar dieten erronkei buruzko hausnarketak. Jarduera hauek helburu dute borroka feministaren garrantzia azpimarratzea. Horregatik, zornotzarrei parte hartzeko deia luzatu nahi diegu, udalerri berdinzaleago bat eraikitzen aktiboki lagun dezaten”.

Hori horrela, jarraitu du Artabek, “Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, udal gobernuko ordezkariok eta zornotzarrok bat egingo dugu eguerdiko 12:00etan Herriko Plazan egingo den ekimenean. Bertan Irakurketa Instituzionala egingo da, eta herriko ikastetxeetako ikasleek ere hartuko dute parte; ondoren, elkarretaratzea izango da. Gainera, arratsaldean, manifestazioa deitu dute herriko elkarte feministek, beste hainbat ekintzen artean, eta hauek Udalaren babes osoa dute. Horrez gain, Gaztetxokoan scape room bat antolatu da eta Zelaietan Maria Blancorekin bakarrizketa”.

Maria Blanco.

Martxoaren 9a, larunbata, egun berezia izango da baita ere, Marixelarre Sariaz gain, 10:00etatik 15:00etara Emakumeen Azoka izango delako: “mende laurdena baina gehiago duen azoka da hau.  Emakumeek ekonomian egiten duten ekarpena nabarmentzea du helburu ekitaldiak: tradizioz, funtsezko zutabe eta lan-indarra izan dira, eta funtsezko rolak bete dituzte familiaren ekonomiarako eta gizarterako, bai eta euskal kultura eta tradiziorako ere. Azokan, parte-hartzaileek artisau eta nekazaritza produktuen aukera zabala erakutsiko dute: ogia, gozogintza, marmeladak, fruta eta barazkiak, fruta gozokiak, arropa eta osagarriak”.

Aipatutako ekitaldiez gain, martxoaren 8aren inguruko programazioak hainbat jarduera garrantzitsu biltzen ditu: “Zelaieta Zentroak ‘Luminiszenteak’ erakusketa hartuko du martxoaren 1etik 22ra. Martxoaren 4an, ‘Berdintasun berbaldiak’ ekitaldia egingo da, eta bertan, bi idazlek munduari buruz hitz egin eta hausnartuko dute. Haurrak erdigunean jarriz, martxoaren 5ean ipuin kontaketa saioa antolatu da Liburutegian, ’80 amandre’ liburuan oinarritua. Azkenik, martxoaren 6an, adin txikikoen guraso eta tutoreei zuzenduta, ‘LGTBI+ sexu-aniztasuna ere gure seme-alaben kontua da’ topaketa egingo da, aniztasun sexuala eta horrek seme-alabengan duen eragina aztertzeko. Topaketa honek ekitaldien zikloari amaiera emango die”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu