Igandea,
2024ko Azaroak24

MugaKultura

loader-image
Durango
9:45 am,
temperature icon 15°C
Humidity 76 %
Ráfagas de viento: 58 Km/h

San Tomas egunean hauteskundeak Katalunian

Eneko Egibar Artola

Eneko Egibar Artola

· Eneko Egibar Artola albaitaria eta politologoa da

Aska bazkaz etengabe hornitu ondoren, txerria gizendu dugu. Izan ere, Euskal Herrian txerria dugu protagonista San Tomas egunean. Aska-bazka-txerria. Txerria protagonista, urtero legez, San Tomas egunean. Euskal Telebistak aurten ere haren handitasuna erakutsiko digu, ziur egon. Egun berean, baina, elikagaien azoka globalak inoiz baino gose gehiago eragingo die munduko beste muturrean edo ez hain muturrean bizi diren herritarrei. Zer demontre, ordea! Gure txerria handia da, itzela, eta festara etorri da; ez da etorri ezer aldatzera eta gutxiago ezer salatzera.

Abenduaren 21ean Tomas apostoluaren eguna ospatzen da; urtarrilaren 28ak Aquinoko San Tomas ere gogoratzen digu. Teologo eta filosofoa azkeneko hau. Biek, Tomas apostoluak eta Aquinoko Tomasek, hamabi menderen aldea eduki zuten euren bizitzen pasadizoetan; baina, ardura batek batu zuen bigarrena lehenengoarekin, ikusi-sinetsi leiak. Sinesteko ikustea beharrezkoa den ala ez, alegia.

Hilabete honetan seguruenik arrazionaltasunaren eta teologiaren fedearen arteko erlazioa ez dugu argituko. Baina, agian, hilabete honetan euskal politikagintzan koherentzia eta esandakoari eusteko ahalmena dagoen ikusteko aukera izango dugu. Esaterako, Espainiako aurrekontuak babestuko diren edo ez jakiteko, edo Puigdemonti eta Kataluniako nazioari babes zintzoa emateko ausardia agertuko den edo ez ikusteko aukera. Bigarren aukera baten antzekoa izango dugulakoan nago.

Beste aukera politiko bat, alegia; zeren, 155. artikuluaren ondoren bideratutako hauteskunde hauek ezer gutxi gehiago emango baitute. Kataluniako gehiengo batek -eta gutxiengoa bada ere, arazoa berdina delakoan nago- Espainiako Estatuan gustura ez dagoela esaten jarraituko baitu. Puigdemontek hauteskundeak konbokatzea soluzioa izango zela iragarri zutenek, hauteskundeok zeren soluzioa izan diren argitu beharko dute. Besteok ikusi ondoren sinetsiko dugu zeren soluzio izan diren. Agian, politikari berari ihes egiteko aitzakia izan da guztia. Agian, politika ez egiteko, Konstituzioa bera aitzakiatzat erabili da oraingoan ere.

EUSKAL TXERRIA (3)

Guk San Tomas egunean, txerriaren kiloak eta handitasuna direla eta, geure buruak harritzen jarraituko dugu, eta inposatu diguten gidoiari jarraituko diogu; zeren, aste honetan berriro azaldu baitigute, inkesta baten bidez, Euskal Herria eta Katalunia oso errealitate desberdinak direla euskal herritarrentzat, oso. Nonbait, euskal herritar guztiok, hilabeteak eta urteak pasa ditugu Katalunian bizitzen inkestako galdera horiei behar bezala erantzuteko. Egia esan, nik neuk ere dagoeneko zalantzak ditut, eguberrietan atabala txistulariekin ala Gironako Castellersekin joko dudan…

Desberdina dena, oso desberdina, euskal arrazako txerriarekin alderatuta, azokan ikusiko dugun txerria izango da. Ez, euskal txerria ez baitago gonbidatua Euskal Herriko santomasetako azoketara. Baina, zer axola horrek, jarrai dezagun txerriaren handitasuna miresten! Itzela gurea!

 

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu