Igandea,
2024ko Abenduak22

MugaKultura

loader-image
Durango
7:30 am,
temperature icon 9°C
Humidity 84 %
Ráfagas de viento: 14 Km/h

GEREDIAGA ELKARTEA: «Argazki artxiborako funts berri bi eskuratu ditugu»

GEREDIAGA ELKARTEA

KULTURA DURANGO

Urte hasierarekin batera, Gerediaga Elkartearen dokumentategiko argazki artxiborako doantza berriak jaso ditugu. Batetik, Karlos Merino Martinez argazkilari durangarraren argazkiak, eta bigarren, Madalena auzoan azken urteetan antolatu diren argazki erakusketetarako batutako irudiak.

Argazkia 1967an Karlos Merinok ateratakoa. Ezkurdin, XIV. mendeko herejiak gogoratzeko ekitaldia. K. MERINO / GEREDIAGA ELKARTEA

Kasu bietan, Gerediaga Elkartearen argazki artxiboan gordeko da materiala. Asmoa, argazkiak sailkatzea eta digitalizatzea da lehenengo. Gero, elkartearen webgunean ikusgai jarriko dira, eta  Gerediaga Elkarteak argazkiak ezagutzera emateko ekimen ezberdinak ere antolatuko ditu.

2024. urterako bi argazki erakusketa gabiltza prestatzen Elorrion eta Durangon. Iaz artxiborako eskuratutako bi funtsetako argazki batzuk erakutsiko ditugu: Alejandro Landabururen eta Ignacio Ansorenaren argazkiak.

Karlos Merino Martinez

2023ko martxoaren 18an hil zen Karlos Merino Martinez. 60ko eta 70eko harmarkadetako Durangoko egunerokoa isladatu zuen zuri-beltzezko argazkietan: paisaiak, durangarrak, jaiak , kaleko bizitza eta kirol ekitaldiak.

Bastidan jaio zen, 1935ean, eta gaztetan heldu zen Durangora. 21 urterekin argazkigintzan interesatu zen. Ezkondu eta gero, tailer bat zabaldu zuen etxean argazkilari lanari ekin ahal izateko. Denda ere zabaldu zuen Ermodo kalean 1968an. Urte gutxi egon zen zabalik. 1973an itxi eta itsasora lanean joan zen eta itsasoan ere argazkiak ateratzen jarraitu zuen. Durangora bueltatzen zenean, Zornotzako Argazkari argazki dendakoentzat ezkontza-argazkilari modura lanean jarraitu zuen.

Karlos Merinoren familiak Gerediaga Elkartean utzi ditu bere argazkiak. Paperezko kopiak, diapositibak eta negatiboak dira. Batez ere, 35 milimetroko negatiboak. Durangoko Alde Zaharreko argazkiak nabarmentzen dira, baina durangarrak, Durangoko jaiak, Durangon antolatzen ziren kirol ekitaldiak ere osatzen dute funtsa. Karlos Merino mendizalea zen eta Durangaldeko mendien argazkiak eta familia argazkiak ere azpimarratzekoak dira.

 Madalenako argazki zaharrak

Durangoko Madalenako jaietan, auzoko argazki zaharren erakusketak antolatu dira azken 10 urtetan. Auzoko argazkizaleen taldea ibili da argazki bilketa egiten. Madalena auzoko bizilagunek utzitakoak izan dira erakutsitako irudi asko. Urte guzti horietan erakutsitako argazkiak Gerediaga Elkarteko artxiboan gorde, sailkatu eta, beste funts batzuetako argazkiekin batera, elkartearen webgunean erakutsiko dira.

 Erakusketak prestatzen

2023an , Durangaldeko bi argazkilariren funtsak eskuratu genituen Gerediaga Elkarteko artxiborako. Ignacio Ansorena durangarraren eta Alejandro Landaburu elorriarraren argazkiak sailkatzeko lanean aritu gara ordutik. Egiten gabiltzan lanaren erakusgarri, Durangon eta Elorrion erakusketak prestatzen gabiltza. Elorrioko Iturri Kultur Etxean eta Durangoko Museoan izango dira ikusgai.

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu