Guztira 8.069 lagun animatu dira Landako Gunera patinatzera aurten
TURISMO DURANGO
Izotz-pista naturaleko erabiltzaileen kopurua hirukoiztetik gertu egon da amaitu berri den Durangoko Gabonetan, iazkoarekin alderatuta. Guztira 8.069 pertsona animatu dira Landako Gunera patinatzera, eta iaz 2.963 patinatzaile hurbildu ziren. Jesica Ruiz alkateorde eta Herrigintza zinegotziak «oso positibotzat» jo du hori, eta, batez ere, «zaleentzat izotz pista naturala berriro jartzearen aldeko apustuari» zor zaiola nabarmendu du. 2020an 8.054 izan ziren.
Argazkia · IBAN GORRITIGobernu talde berriak (EAJ-PNV eta PSE-EE) Gabonetako egitaraurako 900 metro koadroko izotz-pista naturala jartzea erabaki zuen, eta Dendak Bai Durangaldeko merkatari eta ostalarien elkartearen eta Cafes Baqueren babesa izan du. Honela, abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra arte, goizez eta arratsaldez, gozatu ahal izan da jarduera honekin. «Datuek berez hitz egiten dute, eta pozten gara arrakasta izan duelako. Iaz jende askok eskatu zuen berriro izotz-pista natural bat jartzea, instalatu zena, artifiziala, kalitate txarrekoa zelako. Frogatu da durangarrak nahiz Bizkaiko eta beste lurralde batzuetako pertsonak erakartzen dituen Gabonetako jarduera dela. Horrela lortu dugu jende asko eguna pasatzera etortzea izotz pista naturalean patinatzera, eta gainera, Durangon erosketak egiteko aprobetxatzea», ziurtatu du Ruizek.
Egun herrikoien arrakasta
Jende gehien elkartu zen egunak herrikoiak izan ziren: abenduaren 28an, 832 pertsona, eta urtarrilaren 4an, 806. Bi ostegun horietan sarreraren prezioa berezia zen, merkeagoa: 3 euro.
Pandemiagatik bi urtez hura gabe egon ondoren, iaz berriro eskaini zen izotz-pista entretenimendu gisa Durangoko Gabonetako egitarauan. Hala ere, pista sintetiko bat instalatu zen, udalerriak 2019an izan zuen berezko pistaren arrakastarik izan ez zuena eta, aurten bezala, orduan ere 8.054 erabiltzaile izan zituena. «Pista sintetikoak ez zuen ia patinatzailerik izan iaz. Esperientzia ez zen batere positiboa izan eta gainera, Udalak kexa ugari jaso zituen», azaldu du alkateordeak.
Izotz-pista naturalaren esleipena bi lotetan banatu da: pistaren hornidurari eta instalazioari dagokiona 54.450 euroko kostuarekin, eta begiraleen lotea, 11.455,14 eurokoa. «Langile gehiago kontratatu ditugu izotz-pista naturalak izan duen arrakasta ikusita eta ilarak hobeto antolatzeko helburuarekin. Bereziki eskertu nahi dut Udaleko teknikariak egindako lana, %100ean egon baita gaiarekin», gaineratu du Ruizek.