Osteguna,
2024ko Azaroak14

MugaKultura

loader-image
Durango
5:26 pm,
temperature icon 15°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 3 Km/h

BI HERRIREN ARTEKO ELKARTASUN BIDEOAREN BALORAZIOA, EGILEEN ESKUTIK · Euskal Herria amb Catalunya: segur que tomba

TALDE ERAGILEA MUGALARI.INFO-RAKO

Aitortu beharra dugu: gure ametsik zoroenetan ere ez genuen espero bideoa hain urrun iritsiko zenik. Urrun, distantzian eta bisitari kopuruan. Kataluniako herriari babes keinu xume bat egitea zuen xede egitasmoak, haiek ere gure antzean, beraien etorkizunari buruz erabaki nahi dutelako; era demokratiko eta zibilizatuan, eta estatu oso baten makinaria errepresiboaren erasoa jasaten ari direlako.

IMG_6004

Behin «keinuaren» helburua argi, tresna zein izango zen erabakitzea baino ez genuen, eta are argiago genuen hori. Musikarion arma bakarra musika da, nola egingo genuke ba, kantuan ez balitz?

Frankismoaren kontrako kanta enblematikorik badago eta munduan zehar zabaldu den protesta kantarik badago, hori L’Estaca da. Gainera, Euskal Herria eta Catalunya lotzen dituena ere bada: Lluis Llach-eck plazaratu zuen 1968an eta zortzi urte geroago Gorka Knörrek kaleratu baitzuen euskal bertsioa, Agure Zaharra, Xabier Letek katalanetik itzulia.

Hortik aurrera, euskaldunok abestia gureganatu eta gure folklorearen parte ere bilakatu genuen kantu eder hura. Abestia aukeratzeko orduan ez genuen zalantzarik izan beraz. Eta abestia bai, baina abesti hori bera irudiz janztea egoki ikusi genuen.

IMG_6025

· PRESTAKETA ·  Irailean herritar-musikari taldetxo bat elkartu eta denbora laburrean elkartasun bideo hura egin behar genuen: kanta moldatu, lirikan euskarazko eta katalanezko zatiak tartekatu, parte hartzaileekin harremanetan jarri eta koordinatu. Agian azken hau izan genuen zailena, askok ezin izan baitzuten parte hartu agenda arazoak eta epe laburra tarteko zela, eta beste batzuekin ez genuen kontaktuan jartzerik lortu —doala aurretik gure barkamena—. Aurre maketa bat grabatu, kantari guztiontzako eskaleta prestatu, instrumentu guztiak estudioan grabatu, audio eta bideoaren aurre produkzioari ekin… eta bideoklipa grabatzeko lekua erabaki, noski.

Argi eta garbi ikusi genuen Durangoko Landako Gunea izan behar zela bideoa grabatzeko tokia, Euskal Herriko kulturgileen erreferentziako lekua delako eta erraztasunak emango zizkigulako logistikaren esparrutik ere: euskaltzale guztiontzat ezaguna da, geografikoki oso ondo kokatuta eta komunikatuta dago. Horrela ba, irailaren 17an 40 pertsona inguru batu ginen bertan, eguerdiko hamabietan. Ordu betez grabatu genituen bideo eta audio tarte guztiak, zuzenean. Esperientzia izugarri polita izan zen, gogoratzeko izango dugun ekimena.

Bideoa kaleratu aurretik, azken lau egunetan irudien muntaian, audioaren edizioan, prentsa oharren prestaketan, eta hedapen estrategiaren diseinuan aritu gara, Gure Esku Dago ekimenarekin batera. Ekimen propioz sortutako egitasmoa izan bada ere, azken dinamika honek eman baitizkigu bere baliabide eta plataforma komunikatiboak.

IMG_6001

· DATUAK · Bideoa bera prestatu eta egiteko lan handi bezain arina egin behar izan badugu ere, ezin gara pozago egon: gure helburua aise lortu dugu. Irailaren 21ean argitaratu genuen elkartasun bideoklipa, eta argitaratu genuenetik 24 ordu pasa ez zirenean bideoa YouTubeko
5. ikusienen artean kokatu zen espainiar estatu osoan.

Ia 180.000 ikustaldi izan ditu YouTube-n. Facebook-en berriz, Hamaika Telebistak eta GureEsku Dagok igotako bideoen ikustaldiak zenbatuta soilik, ia 200.000 pertsonak ikusi dute bideoa. Jendeak milaka aldiz partekatu du, hainbat eta hainbat komunikabidek eman dute
ekimen xume haren berri, eta ordu gutxitan «biralizatzea» lortu genuen denon artean. Bideo biral bihurtzeko lagungarriak izan dira Lluis Llachek berak, Gorka Knörrek, David Fernàndezek, Pilar Raholak,… eta euskal zein kataluniako poilitika eta kulturgintzako hainbat aurpegi ezagunek horren berri ematea euren sare sozialetan.

Baina ez gara zenbakietan itoko, hori baino garrantzitsuagoak beste bi kontu iruditu baitzaizkigu elkartasun-bideoaren egileoi: Batetik, Kataluniatik jaso ditugun esker oneko mezuak. Bistakoa da gure beroa heldu izan zaiela eta katalanen erantzuna zoragarria izan da. Sare Sozialetan gehien errepikatzen ziren esaldiak «pell de gallina», «precios», «emocionat» edo «moltes gracies amics» modukoak ziren.

Bestetik, gure uste apalean, lan talde txiki honetan eta parte hartzaileen partetik erakutsi den gogo handia eta proiektuan sinesteko ahalmena aipatu gurako genuke. Kantak dioen bezala, «guztiok batera» ekin diogu proiektuari, ikuspuntu guztiak kontuan hartzen saiatuz eta erdibide batera eramanez, eztabaidak aberasgarriak izan dira eta «egoak» aparte utzita, helburua izan da nagusi une oro. Helburua noski, bete-beteta!
Ondorio nagusirik ere atera dugu: herri bezala edozein gauza egiteko gai garela, Kataluniaren antzera, gogoa, lana eta helburu argi bat badaukagu. Gaur kanta bat izan da, bihar, zalantza barik, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea izango da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu