Durangoko San Agustineko atondoan Andra Maria elizpea birgaitzeko lanei buruzko erakusketa dago ikusgai
KULTURA DURANGO
Durangoko Udalak herriko eta hirigune historikoko sinboloetako batean egindako hobekuntzak ezagutarazi nahi ditu: Andra Maria basilikako elizpean. Horretarako, egindako birgaitze-lanak azaltzen dituen erakusketa antolatu du. Erakusketa aurreko euskal liburu eta disko azokan kokatu zen, arkupearen burdin hesietan. Erakusketak arrakasta handia izan duenez, San Agustineko kulturgunearen atondora eraman du Udala, beste hilabetez bisitatzeko aukera izan dezaten herritarrek, emanaldien egunetan.
Udalak sustatutako obrek ia 900.000 euroko inbertsioa ekarri dute. Hala ere, argiztapenaren aldaketaz eta estalkiaren teilatupeaz gain, obraren zatirik ikusezinena benetan garrantzitsuena izan da. Hala, erakusketa honen helburua, hain zuzen ere, zuraren bilbaduraren gainean egindako lanak bistaratzea da, eta birgaitze-lan horren garrantzia eta zailtasuna erakustea.
Azalpen-panelak eta bideoak
Erakusketa hainbat argazkiz eta azalpen bideo batez osatuta dago, baita ordezkatu behar izan diren pieza garrantzitsu batzuez ere. Horietan, herritarrek ikusi ahal izango dute pairatzen zuten narriadura.