GORKA PAGONABARRAGA · “Lasaitasun eta heldutasun handiagoarekin heltzen naiz nire Bizkaiko txapelketako bigarren finalera”
BERTSOLARITZA DURANGO
JON BARAJA
Abenduaren 16an, 17:00etan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da Miribillan (Bilbon). Bertan, gure eskualdeko ordezkari bakarra izango da Gorka Pagonabarraga Agorria, bigarren aldiz sailkatu dena ekitaldi honetarako. Aurrekoa, 2021ekoa, “nahiko sorpresa” izan zela aitortzen du durangar gazteak, eta oraingoan bere burua “prestatuago” ikusten duela azpimarratzen du.
Goka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000-05-30) Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean kantatuko duten zortzi bertsolarien artean dago. Berarekin batera, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti igoko dira Bilbao Arenako oholtzara abenduaren 16an, larunbata, 17:00etatik aurrera. Pagonabarraga, bigarren aldiz sailaktu dena final hau lehiatzeko 2021eko lehen esperientziaren ostean, Durangaldeko ordezkari bakarra izango da ekitaldian. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke. Geratuz gero, saioaren egunean bertan eskuratu ahalko dira txarteldegietan 15:00etatik aurrera.
“Kriston poza eta lasaitasuna suposatzen du finalerako txartela lortu izanak. Orain dela bi urte lehenengoz sailkatu nintzen eta nahiko sorpresa izan zen niretzat. Honek erakusten dit ez zela kasualitate bat izan eta gauzak ondo egin ezkero hor egoteko aukera daukadala”, azaldu dio Pagonabarragak MUGAri. “Aurrekoan gustura nenbilen bertsotan, baina helburua inondik inora zen finalera heltzea, zorte apur bat eduki nuen”, gogoratzen du durangarrak.
2021ean zortzigarren postuan bukatu zuen finala. “Apur bat handi geratzen zitzaidala sentitu nuen, Miribillan 4.000 pertsonaren aurrean. Aurten badakit zer den eta final hobe bat egin ahal dudala uste dut, saio txukunago bat osatzeko baldintzekin ikusten naiz”, azpimarratzen du Pagonabarragak. “Helburua beti da ahalik eta onena ematea, baina bai esango nuke aurten beste lasaitasun eta heldutasun batekin heltzen naizela. Ez nau hainbeste sorpresan harrapatu eta prestatuago ikusten dut nire burua finaleko saltsan ibiltzeko”, gehitzen du gazteak.
ESKUALDEKOAK
Eskualdeko beste bertsolari batzuk -Eneko Abasolo ‘Abarkas’ iurretarra, Iruri Altzerreka garaitarra eta Txaber Altube, Bittor Altube eta Aitor Bizkarra abadiñarrak- finalerdietan geratu dira eta ezin izan dute finalerako txartela lortu. Durangaldeko ordezkari bakarra izatea ez da “ez erantzukizun ez motibazio gehigarria” Pagonabarragarentzat, baina onartzen du “pena puntu bat” ematen diola bere “lagunak direlako”.
Finalaren ondoren helduko diren erronkei begira, hurrengo Bizkaiko Txapelketarako 2025era arte itxaron beharko dute bertsolariek. Hor lehiatuko dute 2026ko Euskal Herriko Txapelketarako sailkapena lortzeko. “Oraindik urrun dagoen gauza bat da. Miribillatik bertsotan jarraitzeko gogoarekin irten nahi dut, motibazioarekin, eta orain bezala segitzea, etortzen diren aukerak aprobetxatzen saiatuz”, esaten du Euskal Filologiako ikasketak eta Irakaskuntza Masterra bukatu dituen gazteak.
Pagonabarraga 14 urte zituenetik dabil Bertso Eskolan, baina interesa goizago piztu zitzaion. “11 urterekin, eskolan bertsoen gaia landu genuenean, asko gustatzen zitzaidan zerbait zen eta jakingura hor sortu zitzaidan, baina une horretan ez nintzen bertso eskolan apuntatu ez ezer ez”, gogoratzen du 2018an Euskal Herriko eskolarteko txapeldun izatea lortu zuen durangarrak.
TXISTUA ETA TRIATLOIA
Bertsolaritza ez da bere trebetasun bakarra. Izan ere, bost bider irabazi zuen Euskadiko txistulari gazteen txapelketa bere nerabezaroan. “Dena ezin da egin bizitza honetan, interesak aldatzen doaz. Txistua hor daukat eta jai bereziren batean jotzen dut oraindik, baina aitortzen dut nahiko aparkatuta daukadala”, kontatu dio komunikabide honi. Gainera, Durangoko Mugarra Triatloi Taldetik ere igaro zen. “Kirola asko gustatzen zait, baina triatloian hiru diziplina entrenatu behar dira… Mugarrako lagunekin harremana mantentzen dut eta lasterketak ikustera hurbiltzen naiz. Korrika egitera nire kontura ateratzen naiz oraindik, baina aspaldi ez dut ganoraz igeri egin eta bizikletan ibili ere ez…”, onartzen du bertsolariak.