250 bat lagunek eman dute izena Abadiñon domekan egingon den alkartasuneko ‘maratoian’
Mugalari
· Haur-minbiziaren ikerketaren aldeko ekintza izango da
Dagoeneko 250 bat lagunek eman dute izena parte hartzeko datorren domekan haur-minbiziaren ikerketaren alde Abadiñon egingo den maratoian. Udalak eta zenbait elkartek antolatutako ekitaldia da, eta oraindik badago lekua izena emateko.
Jose Luis Navarro alkateak eta Kirol Arloko zinegotzi Eneko Etxebarriak esan dutenez, biltzen den diru guztia Peque-ropa elkarteri emango zaio, eta honek, bere aldetik, Gurutzeta ospitaleari helaraziko dio, haur-minbizia ikertzeko abiatua duten ikerketa programarako.
Maratoia Matienako Traña plazan egingo da 09:00-12:00 eta 12:30-15:30 ordutegian. Parte hartzaile bakotxak 4 euro emango ditu pedalei eragiten arituko den ordubete bakotxeko. Izena emateko galdetegi bat bete beharko da «pedaleaporunasonrisa.com» web orrian, eta eman nahi den diruaren transferentzia egin beharko da bertara. Herriko polikiroldegiko langileak ere hor izango dira inskripzio horiek egiten laguntzeko. Azkenik, La Caixa banketxeak kontu bat zabaldu du “zero ilara” tankeran egin nahi diren dohaintzak jasotzeko.
Maratoiari jaiegun itxura eman nahi zaio eta beste hainbat ekitaldiz inguratuko da. Hala, goizean herriko txistulari talde bat arituko da, eta arratsaldeko bostetan Abadiñoko dantza modernoko talde bat. Bost t’erdietatik zazpirak arte kontzertu bat emango du Getxoko Berta Bittersweet abeslariak, bere egunean minbizia izan eta gainditutakoak. Ekimenean parte hartuko dute orobat Abadiñoko kiroldegia kudeatzen duen Emtesport enpresak, Leioako Peque-ropa elkarteak eta Rhythmic Bikek.