GURE ESKU DAGO: «Ziur gaude hurrengo deialdietan ere, oraingoan bezain esku zabalak izango direla durangarrak»
Testua · Durangoko Gure Esku Dago
Durangarrei, esker onez.
Pasa den domekan, maiatzaren 7an gure etorkizun politikoari buruzko galdeketa egin genuen Durangon. 4657 herritarrek hartu zuten parte galdeketan, alegia, durangarren % 18´8k
Gure Esku Dago elkartea pozik dago datuarekin. Genituen baldintzekin ia 5000 durangarrek parte hartu izana zoriontzeko modukoa iruditzen zaigu.
Zenbaki hotzetatik haratago, domekako zitak beste lorpen bat ere erdietsi zuen. Herri galdeketan hainbat sensibilitateetako durangarrek eta familia politiko ezberdinetako kideek parte hartu zuten. Urte asko joan dira gure herrian, ekimen politiko baten inguruan hain kolore ezberdinetako jendea bildu gabe.
Maiatzaren7a egun polita izan zen, zinez. Jende ugari bildu zen hauteslekuetara, jai gunera eta giro aparta izan genuen egun osoan zehar.
Herritarrei esker izan da posible hori guztia. Bozkatzera joan ziren herritarrei esker eta galdeketa egunean, zein aurretik antolaketan ibili ziren persona guztiei esker. Mahaietako kideak, begiraleak, prozesuaren garbitasuna bermatu zuten adituak, laguntzaileak, taberna eta dendan aritu zirenak, guneak jarri eta kentzen, kartelak pegatzen, megafonia pasatzen ibili zirenak…
Ezin dugu ahaztu halaber herriko dendari eta tabernarien laguntza. Tonbolarako hainbat opari eskaini zizkiguten musu truk. Esker onen zerrenda luzea da.
Bidean urrats bat eman genuen domekan. Oraindik ere urrats gehiago eman beharko ditugu eta berriz ere herritarren laguntza beharko dugu.
Ziur gaude hurrengo deialdietan ere, oraingoan bezain esku zabalak izango direla durangarrak.