Zaldibarko Udalak kultura eta kirol arloak indartuko ditu
Zaldibarko Udalak Kultura eta Kirol Arloan aldaketak egingo ditu kultura eskaintza hobetu eta udalaren zerbitzu eta baliabideak ordenatzeko asmoz.
Hartuko den neurrietako bat KZ Gunearen itxiera izango da. Erabakia hartzeko azken urteotako erabiltzaileen etengabeko jaitsiera kontutan hartu da. Gainera, Udal liburutegiak jadanik ordenagailuen doako mailegurako zerbitzua eskaintzen du, beraz, gaur egun zerbitzua bikoiztuta dago. KZ Gunearen itxieraren ondoren liburutegiaren mailegu zerbitzua indartzeko ordenagailu berriak erosiko dira eta KZ Guneko langileak bere lana liburutegian burutuko du. Horrela, aldaketak ez du eraginik izango KZ Guneko erabiltzaileengan, zerbitzu berdina ordutegi hobeagoarekin emango baita.
Liburutegiko arduradunak liburutegiko ardurak betetzen jarraituko du, eta era berean, Kultura eta Kirol Arloak indartuko ditu, bertan lan administratiboak eginez eta jarduera kulturalen antolakuntzan duen esperientzia aportatuz. Era honetan liburutegiko programazio kulturalean egindako lan ona aprobetxatu nahi da berau kulturaren beste esparru batzuetara hedatzeko. Aldaketa hauek ekainetik aurrera aplikatuko dira.