Aida.tm eta El Quinto Emperador tiktoker ezagunak Amorebietako Mangamoreren edizio berrian izango dira
Amorebieta-Etxano prest da Mangamore Jaialdiaren hamazazpigarren ediziorako. Aurten urriaren 13tik 15era izango da. Gaurko prentsaurrekoan, Ainhoa Salterain alkatea gogotsu agertu da, manga eta animea maite dutenentzat berezia baita urtero ospatzen den jaialdi hau. Bere hitzetan, «urriaren 13tik 15erako asteburuan Amorebieta-Etxano manga eta anime munduaren epizentroa izango da. Egirarau osoa hemen.
Mangamore Jaialdiak merezitako ospea irabazi du, japoniar kultura eta entretenimendua maite dutenen artean. Hiru egunetan zehar, bertaratzen diren pertsonek jarduera zirraragarrien unibertso batean murgiltzeko aukera izango dute: anime proiekzioak, cosplay lehiaketak, arte erakusketak, manga eta animearekin lotutako produktuen salmenta standak eta manga munduko gonbidatu bereziak eta sortzaileak ezagutzeko aukera… Gaur aurkezten dugun hau, zalantzarik gabe, adin guztietako zornotzarrei eta bisitariei zuzendutako programa zabala da».
Era berean, Salterainek azpimarratu du Mangamore Jaialdia mugarria izan dela herriko kultur agendan: «Amorebieta-Etxanon turismoa eta partaidetza komunitarioa sustatzen lagundu du. Hamazazpigarren edizio hau ere berezia izango da, esperientzia paregabea bizitzeko aukera ederra».
Bestalde, Sonia Cabeza Gizarte Ekintzako eta Herritarren Arretako zinegotziak bertan bildutako pertsonei gogorarazi die Mangamore bezalako jaialdi baten antolaketak lan handia eskatzen duela, “helburua programa anitza eta zirraragarria eskaintzea baita, eskarmentu handiko fanatikoak nahiz manga eta anime mundua esploratzen hasiak direnak erakarriko dituena».
Programari berari dagokionez, aurtengo izar gonbidatua AIDA-TM izango dela aurreratu du Cabezak, influencer eta tiktoker ezaguna: «450.000 jarraitzaile baino gehiagorekin, 21 urteko neska hau manga edukia lantzen duen ilustratzaile ezagunenetako bat da, jarraitzaile asko dituena». Hala ere, ez da bakarra izango: «El Quinto Emperador youtuberra ere Mangamore edizio berrian izango da. Gipuzkoako youtuber hau, One Pieceren zale sutsua da, eta ezaguna da telesailari buruz dituen teoriengatik eta animearen bertsio epiko honi buruzko beste bideo mota batzuengatik. Gainera, arropa marka propioa du «. Biak I. Gunean izango dira urriaren 14an, larunbata, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Manga jarduerak familia guztiarentzat
Edizio berri honetan familia osoari zuzendutako jarduerak gehitu dira, hala azaldu du zinegotzi zornotzarrak: «Mangamore manga eta anime mundutik haratago doan ekitaldia da, familiak entretenitu eta asteburu ederra eskaintzea helburu duen Jaialdia da. Hori dela eta, aurten programazioa handitu egin da, eta ez dira faltako Japoniako mahai-jokoak, txapa tailerrak, Fast Origami, Ureshirekin egindako argazkiak, puzgarriak edo Txu-txu treneko irteerak. Azpimarratu behar da, gainera, tailerretan izan ezik, edizio honetan ez dela aldez aurretik izena eman beharko.
Argi sable borroka tailerra, berrikuntza gisa
Era berean, Cabezak azaldu du, «Argi-sable borroka-tailerra izango dela hamazazpigarren edizio honetako beste nobedadeetako bat, 1. eremuan egongo dena: «Ludosport Hispania eskola Madrildik iritsiko da Amorebieta-Etxanora, beren ikuskizunekin eta tailerrekin bertaratzen direnak entretenitu eta gozarazteko».
Nobedadeez gain, Mangamore Jaialdiko jarduera tradizional eta ospetsuak ere ez dira faltako edizio honetan: «Japoniako tradizioa presente egongo da, beti bezala, Mitsuru Nagataren Sumi-erekin, Sayako Antona taldeko Taiko taldearekin, Aikidorekin edo sushi dastaketarekin». Era berean, «Cosplay, Karaoke eta Asian Dance txapelketak izango dira; eta baita zinemako pantailako bideo-jokoen txapelketak ere, Zornotza Aretoan. Gogoratu behar da Arcade jokoak Zelaieta Zentroan izango direla, eta Humor Amarillo gunea Herriko Plazan kokatuko dela».
Hitzaldiak eta tailerrak
Zelaieta Zentroan kokatuta egongo den bigarren guneak edizio berri honetan programatutako hitzaldiak eta tailerrak hartuko ditu aurten ere. Zinegotzi zornotzarrak aurreikusitako hitzaldien artean bi nabarmendu ditu «Maitane Echevarría eta Alfonso Berroyarenak hain zuzen ere. Marrazketako irakasleak eta EHUko Arte Ederretako dekanordeak aurkezpen bat egingo dute Ilustrazioaren eta Concept Art-en inguruan. Era berean, Nahikari Diosdadok, Cerbero argitaletxeko ordezkariak, fantasiazko idazkerari eta genero garaikideko literaturan euskal nortasuna eta mitologia sartzeari buruzko hitzaldia emango du».
Manga kulturako produktuen eskaintza zabala
Eta nola ez, Mangamore Jaialdiaren edizio honek manga, anime eta kultura japoniarreko produktuen stand eskaintza zabala ere izango du: «III. Gunean kokatuak, aurtengo Artist Alleyn 40 sortzaile baino gehiago izango ditugu; gainera, gune komertzialenean 12 denda egongo dira. Batzuetan eta besteetan eskuz egindako lanak, bideo-jokoak, komikiak, posterrak, irudiak… izango dira. Zelaietako tabernan janari japoniarra dastatzeko aukera ere egongo da».
Zornotzarren parte-hartzea
Behin programazioa azalduta, Cabezak zornotzarren parte-hartzea azpimarratu nahi izan du Mangamore 2023 Jaialdian: «harro egoteko modukoa da Jaialdian parte hartu nahi duten zornotzarrak izatea. Zornotza Musika Bandak kontzertua eskainiko du; Ukabideak erakustaldi paregabea eskainiko digu, Erika in Blue taldeak artist alley txoko propioa izango du, eta Antxeta by Taberu tabernak Mangamore pintxo berezia eskainiko du Urrengoetxea kaleko bere lokalean, Chicken Dragon Bao izenekoa «.
Informazio gehiago
Amaitzeko, Sonia Cabezak azaldu du programa zehatzago ikusi nahi duten guztiek www.mangamore.eus webgunearen edo www.amorebieta-etxano.eus udal webgunearen bidez egin ahal izango dutela. Programazioaz gain, lo egiteko lekuei, izen-emateari eta abarri buruzko informazio orokorra aurkituko dute bertan.