Sormena vs Copyright
Unzalu Salterain
· Unzalu Salterain Basagutxibeaskoa (Abadiño, 1969) baserritarra eta EHNE Bizkaia sindikatuko koordinatzailea da
Azken egunetan deigarria suertatu da Kukuxumusu eta Katuki Saguyaki ren sortzaile dan Mikel Urmenetaren bisita epaitegira. Hasierako enpresaren akziodun nagusiaren esanetan, sortzaileak galdu omen zituen irudienganako eskubideak akzio salmeta gauzatu zenean. Urmenetak dioenez kontratuan ez omen dago zehaztuta eta irakurketa horrek sortzaileak umezurtz uzten omen ditu. Copyright aren funtzioa eztabaidan nunbait baina berak sortutako erraldoiak irentsi lezake Urmeneta.
Sarritan etorri zait burura beste esparru batzuetan ere ez ote dagoen Copyrightak esartzeko obsesioa. Esaterako ETA ren armagabetze prozesuan estatuek agertzen ari diren blokeo eta oztopatze erakustaldiak ez du beharko copyright arekin erregistratzerik, beste inork nekez lapurtuko bait die halako jarrerarik.
Eusko legebiltzarrean ere eztabaida gai eta bueltaka darabilten bizikidetza eta bakegintza ponentzian ere antzeman liteke zenbait alderdi politikoren obsezioa ponentziari norberen copyright a jartzea dela, alde guztietatik bizitakoari bidea eraiki beharrean. Errefuxiatuen errealitatearen aurrean Europako agintariek kuoten formula erregistratu zuten soluziotzat, eta Trumpek hormak eraikitzeari ekin dio.
Egunotan ere bolo bolo dabil Sorian ezarri nahi duten esne behien korta erraldoia, hogei mila behi bildu eta jezteko asmoarekin. Milakako esnetarako behien copyrighta Saiona kooperatibarena omen da eta Nafarroan ikusi zuen argia. Askok jarraituko dute legezkoa denaren argudioarekin halakoak defendatzen, nahiz eta sentzuzko galdera bakarra giza legezkoa ote den izan.
Dana ez da ilun zorionez, agertzen dira argi izpiak gizartetik. Luhusoko bostak “bakearen artisau” tituloa jaso zuten. Delitua ETAkoei desarmatzen laguntzea eta meritua estatuek politikoki desarmatzea (konklusio borobil hau utzitakoa da). Durango 1936 kultur elkarteak memoriari dagokionean ematen ari dan erakustaldia ispilu beharko lukete Eusko Legebiltzarreko hainbatek.
Pasa den abenduaren amaieran Greziatik errefuxiatu talde bat Euskal Herriratzeko ekimenak izan zuen oiartzunak, erantzuna eta jarraipena izan ditu bolondres gehiagoren konpromisoaz. Grezian bertan lagunduaz, bizitzan aurrera egiten bultzada emanez eta elkartasunak zein duintasunak nolako tamaina hartzen duteneko erreportaje zabalak landuz gure jakituria aberasteko.
Kalean antzeman izan dira harridura aurpegiak, entzuterakoan posible dela hogei mila behiko taldea biltzea eta esnea jeztea bedarrik jaten ez duten behiei. “Holako esnerik ez dut nahi” entzun zaio bati baino gehiagori, agian horregaitik Nafarroan abiatu zen mega-behitegiko esne jasotzaile eta banatzaileak (esne industria eta azalera haundiko euskal kooperatibak) ez dute hainbeste bistaratzen ekimen hau. Heurek sortutako erraldoiaren preso ote diren hauek ere. Copyright eraginkorrena gizarteak aitortzen duena dalakoan nago, nahikeria bada bidea aurkitzea denbora kontua da.