Zubiaur Musika Eskola, Bitartean… Folk, Anita Maravillas eta Onintze Zornotza Aretoko programazio berrian
KULTURA AMOREBIETA-ETXANO
Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023-2024 ikasturte berriari hasiera eman dio sail ezberdinek bultzatutako programak abian jarriz. Gaur aurkeztu da Zornotza Aretoaren programazioa, urritik urtarrilera bitartekoa, eta bertan izan dira Ainhoa Salterain alkatea, Koldo Bilbao Kultura, Kirol eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzia, eta Miren Larrea eta Iván Alonso, Anita Maravillas ekoizpen etxe zornotzarrak ekoitzitako ‘Andereño’ obraren egileak.
Aurkezpenaren hasieran, Salterain alkateak azaldu du “programazio honen ikuspegi nagusia zornotzarren bizitza kulturala aberastea dela, eta, horregatik, askotariko antzezlanak, dantza-ikuskizunak, kontzertuak eta zinema-emanaldiak biltzen dituela». Horrela, alkateak udalerrian kultura sustatzearen garrantzia azpimarratu du: «kultura funtsezko zutabea da gure komunitatearen bizitzan. Gure ustez, gure herritarren ongizaterako ezinbestekoa da kultura-ekitaldi aberasgarrietara sarbidea izatea. Horregatik, bertako eta nazioarteko kultur eszenaren aberastasuna islatuko duen programazio anitza eta zirraragarria eskaintzeko konpromisoa hartu dugu. Gainera, kultura eguneroko errutinatik ihes egiteko bide bat ere bada, tarte atsegin bat igarotzeko. Kultura-jarduerek eragin positiboa dute bizikidetzan, eta pertsonen autoestimua hobetzen laguntzen dute».
Zornotza Aretoaren programazioa datozen hiru hilabeteetarako
Familia osoarentzako antzezlanak
Jarraian, Koldo Bilbao zinegotziak hartu du hitza programazioa azaltzeko. Zinegotzi zornotzarrak adierazi duen bezala, programazioari hasiera emango dio ‘Andereño’ antzezlanak, Amorebieta-Etxanoko Anita Maravillas ekoiztetxearen lanak: «pozgarria da denboraldiari hasiera emango dion obra estreinaldi bat izatea, familia guztiari zuzendua eta Amorebieta-Etxanon ekoiztua. Miren Larrea eta Ivan Alonso arduratuko dira antzezlanaren xehetasun guztiak kontatzeaz, baina azpimarratu nahi dut Anita Maravillas dela titere-antzerkia esklusiboki lantzen duten euskal antzerki talde bakarrenetakoa. Apustu horren helburua da publiko berriengana hurbiltzea, eta familia eta haur guztientzako obrak egitea. Ohore handia da gaur zuek hemen izatea».
Hau izango da Zornotza Aretoko programaren lehenengo emanaldia, baina badira gehiago: «Hilaren amaieran, txikienek Glu Glu!ren ’Loti Ederra’ antzezlanaz gozatu ahal izango dute. Abendua hilabete bizia izango da obrei dagokienez, hiru programatu baitira: Logela Multimediaren’Anbotoko Mari’, Ganso & Cíaren ‘Muna’ eta Xabi Larrearen ‘Ping Pagn’. Eta amaitzeko, urtarrilaren hasieran ere bi antzezlan izango dira, umeen opor garaia aprobetxatuz: Marie de Jonghen ‘Bo jauna’ eta Teatro Paraisoren ‘Kutxartean’.
Antzerkia
Antzezlanei dagokienez, Bilbaok azaldu du programatutako hiru lanek drama garaikidea eta komedia klasikoa lantzen dituztela, eta gustu guztietarako antzerki-esperientzia eskainiko dutela: «horrela, azaroaren 3an Zornotza Aretoan egongo den Perigalloren ‘Cabeza de Cartel’ lanak erakutsiko du antzezlan bat abian jartzearen nondik norakoa. Hilaren 17an, Olatz Gorrotxategiren ‘Mierda de ciudad’ antzezlanak euskal rock erradikalaren historia kontatuko du obraren bidez. Azkenik, abenduaren 3an, Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak bere bakarkako bigarren lana aurkeztuko du, bera Realeko jokalaria izan zen garaian oinarritua. Ohi denez, gai guztiak umorez landuko ditu elgoibartarrak».
Dantza
Zornotza Aretoan dantza konpainia ospetsuen hiru emanaldi ere izango dira, dantza garaikidearen munduaren ikuspegi paregabea eskainiko dutenak. Horrela, Bilbaok azaldu du ikasturtea azaroaren 11n hasiko dela ‘Esna’ lanarekin, familia osoari zuzendutako antzerki-dantza proiektua, non esperimentua esperientzia bihurtuko den. Bigarren emanaldia ‘Shine’ dantza ikuskizuna izango da, azaroaren 24an, Zornotza Aretoan, Judith Argomaniz eta Lasala konpainiaren eskutik. 10 urte bete dituen konpainia honek hizkuntza propioa sortu du, oso fisikoa, hizkuntza koreografiko sendoa lortzeko aukera eman diona eta nazioarteko errekonozimendua izan duena. Eta, azkenik, ‘El Lago’ ikuskizuna izango da Amorebieta-Etxanon. Bertan, Victor Jimenezek balet errusiarraren paradigma berrikusten du, etengabeko ikerketa eta esperimentazioa irakatsiz; ikusleen eta kritikaren harrera bikaina izan duen ikuskizuna da hau».
Kontzertuak
Zuzeneko sei kontzertu ere izango dira Zornotza Aretoaren ikasturte berrian, hala azaldu du Koldo Bilbaok: «Kontzertuen txanda Elkano Brownin Cream taldearekin hasiko da, Mikel Azpiroz, Franck Mantegari eta Dave Wikinsonek osatutako hirukotearekin; hauek sustrai kultural eta musikalen batasuna jazza eta bluesean oinarritutako estiloan islatzen dute. Halaber, Santa Zezilia egunean, Zubiaur Musika Eskolako musikariek, ikasleek eta irakasleek euren ohiko kontzertua eskainiko dute. Hurrengo egunean, abenduaren 14an, Zelaietan Musika Gertu ekimenaren barruan, Damon Ronbinsonek eta bere Melted Klocks taldeak publikoa gozaraziko du; izan ere, bere ahotsa soul maisu handien hilarrian kokatzen da eta eszenatokian duen karisma ez baita oharkabean pasatzen. Azaroaren 22an, Zubiaur Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Gabonetako kontzertu tradizionala eskainiko dute. Abenduan ere, ‘Zornotzako Musika Banda’k denboraldiko bigarren kontzertua eskainiko du ‘Bitartean’ folfk taldearekin batera. Eta amaitzeko, uztailaren 13rako programatuta dagoen ‘Onintze’ abeslari eta konpositore zornotzarraren kontzertua azpimarratu nahi dut. 2005ean hasi zuen bere ibilbidea ‘Seiren’ bandarekin, eta 2018an kaleratu zuen bakarkako lehen singlea. Geroztik hainbat single eta album argitaratu ditu; oraingoan, etxean arituko da ¿Por qué quedarme callada? zuzenean bira aurkezteko».
Zinema
Amaitzeko, eta Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, Bilbaok azaldu du ‘Bizkargi Eguna: Atzotik Gaurkora’ dokumentala proiektatuko dela Zornotza Aretoan, “Bertan, Bizkargi egunak urteetan zehar duen jatorria bilakaera jasotzen dira. Ondoren, hitzaldi eta mahai-inguru bat izango da, protagonistetako batzuekin. Urriaren 26an izango da, 20: 00etan».
Programazio osoa
Era berean, zinegotzi zornotzarrak gogorarazi du programazio zehatza, datak, ordutegiak eta ekitaldien xehetasunak jasotzen dituen programa-dokumentua Amorebieta-Etxanoko Udalaren webgunean egongo dela eskuragarri. Era berean, informazio gehiago lortzeko eta sarrerak erosteko interesa dutenek Zornotza Aretoaren webgune ofiziala bisitatu edo antzokiko leihatilara jo dezakete.