Azken ekintza bandalikoak gaitzesi eta horien gaineko lanketa egingo duela jakinarazi du Elorrioko Udalak
Mugalari
Nerabe talde batek egindako ekintzak diren susmoa du Udalak, beraz adin tarte horretan lanketa berezia egiteko asmoa agertu du gobernu taldeak.
Urte hasieran herrian zehar izan diren ekintza bandalikoak direla eta, Elorrioko udaleko gobernu taldeak horiek gaitzetsi eta gai horri helduko diola adierazi du. Izan ere, azken asteetan herri ondarearen eta herritarren segurtasunaren aurkako hainbat eraso egin dituzte ezezagun batzuek. Esaterako, herrian zehar hainbat kale-argi lurrera bota eta San Jose jolas-guneko elementuak erre dituzte, beste eraso batzuen artean. “Onartezina deritzogu herrian horrelako ekintzak egitea, guztionganako errespetu falta itzela baitira. Kalte ekonomikoez haratago, ekintza hauen ondorioz gerta zitezkeen kalte pertsonalak dira benetan kezkatzen gaituztenak”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.
Izan ere, horiek ez dira izan kasurik larrienak, hotz gehien egin duen egunetan Zenita 18. zenbakiko kurban olioa jaurti eta ura bota baitute gainetik, olioa izoztu zedin eta auto-istripuren bat eragin edo paseatzen zebilen oinezkoren bat jauzi zedin. Horrez gain, Ibarra auzoko zubi berriko errepidean, alderik alde zihoan kable bat jarri zuten.
· Istripu larriren baten arriskua · “Ondasunari kalteak eragiteaz gain, istripu larriren bat suerta zitekeen. Zorionez, ez da kalte pertsonalik egon eta esan nahi dugu, zalantzarik gabe, horrelakoak ekiditea dela gure helburua. Gaia serio aztertzen ari gara eta nerabe talde bat izan daitekeenaren susmoa dugu, beraz hurrengo asteetan adin-tarte horretan lanketa bat egiteko asmoa daukagu, etorkizunean horrelakoak ekiditeko asmoz”, gaineratu du Buruagak.
Publizitatea
Berbaro Elkartea
Etiquetas: Elorrio