Abadiñon ipuin kontalari saioak antolatuko dira mantarreko umeendako masajeak eta guzti
· Orobat antolatuko da 8 urtera arteko umeendako irakurketa tailer bat
Hiru urte arteko umeek lehen harremana izango dute ipuinen munduarekin “Azalerako Ipuinak” izeneko egitarauaren bidez. Kultura arloko zinegotziak, Eneko Etxebarriak esan duenez, egitarau horren bitartez ipuin kontaketa eta masaje saioak eskainiko dira batera.
Saioak hilean behin izango dira, otsailaren 21etik maiatzaren 17ra bitartean, Saroa Bikandik emango ditu eta bertara umeek gurasoekin joan beharko dute. Bikandik haur kantak, ahozko tradizioko poemak eta esku-jokoak eskainiko ditu eta denbora berean gurasoek haurrak masajeatuko dituzte eta eurekin jolastuko dira.
«Azalerako Ipuinak» egitarauko saioak otsailaren 21ean, martiaren 26an eta maiatzaren 17an izango dira. Ordubete geroago hasiko da Mediatekan “Liburuen Poltsa” izeneko irakurketa taldea, 3-8 urte bitarteko umeei zuzendua. Saio horietan Saroa Bikandik irakurzaletasunaren hazia ereingo du haurren baitan, ipuinak, kantuak eta txisteak kontatuz eta eskulanak eta jolasak eginez. Gurasoek gelan egon beharko dute haurrekin batera.
Eneko Etxebarriak esan duenez, Saroa Bikandik hainbat herri liburutegitan egin ditu saio horiek, eta haurren aurpegietan marrazten den irribarrea da bere arrakastaren froga argiena.
Publizitatea