Elorrioko Ziklokross txapelketak kalitate jauzia eman du
Mugalari
Larunbatean, 450 txirrindulari inguruk egingo dituzte ibilbideak dituen 2.860 metroak. Besteak beste, Astana taldeko Lars Bom munduko txapeldun ohiak parte hartuko du Elorrioko lasterketan.
Larunbat honetan, abenduaren 10ean, ‘Elorrioko Udala Saria Nazioarteko Ziklokrossa Basqueland’ ziklokross txapelketaren 41. edizioa ospatuko da Elorrion (Bizkaia). Espainiar Estatuko lasterketarik beteranoenetarikoa izanik ere, aurten pisuzko aldaketak izango ditu antolakuntza eta ibilbideari dagokionez. Izan ere, ahalik eta lasterketa erakargarriena egin asmoz, Naziarteko C2 (Estatuko mailarik altuena) baimena daukan txapelketa honetan, besteak beste, Astana taldeko Lars Bom munduko txapeldun ohiak edota Audric Pasquet akitaniarrak parte hartuko dute.
Aurten, berritasun modura, 2.860 metroko ibilbidearen baitan, jaitsieran egongo den 60 metro luzeerako hondar-gunea gainditu beharko dute Elorriora iritsiko diren 450 txirrindulariek. “Europar iparraldean edota Belgikan askotan ikusten den gauza bat da hare-guneena, baina hemen oso zaila izaten da”, azaldu du Joseba Gorostiza Elorrioko Txirrindulari Elkarteko ordezkariak.
Felipe Ors 23 urtetik azpiko Espainiako txapeldunak ere modu positiboan baloratu ditu aurtengo ibilbidean egin diren aldaketak, izan ere, bere ustez, “Euskadiko lasterketetarako behar diren indarraz eta kemenaz gain, honetan teknikotasun gehiago beharko da oztopo berri horiek gainditzeko. Elorrio erreferentzia handi bat da Estatu mailan, eta ziur nago atzerritik datozenak ere hori nabarituko dutela”.
· Emakumezkoen lasterketaren garrantzia · Edizio honetarako, antolatzaileek lehentasuna eman diote gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketei garrantzia emateari. Hori dela eta, emakumezkoenen kasuan, saiakera berezia egin dute Susane Verhoven gazte holandarra, Aureli Bernier belgiarra, Amira Mellor britainiarra edota Aida Nuno, Alicia Gonzalez eta Lucia Gonzalez asturiarrak Elorriora ekartzeko.
Gizonen lasterketetan, berriz, aurrez aipatutako Lars Bom eta Audric Pasquetez gain, Felipe Ors balentziarra, Aitor Hernandez, Javier Ruiz de Larrinaga eta Jon Munitxa euskaldunak edota Ismael Esteban eta Kevin Suarez kantabriarrak iritsiko dira.
Lasterketak 9:00etan hasiko dira Masters 40,50 eta 60 txapelketekin. Azken lasterketa, Nazioarteko Elite eta 23 urte azpikoena, 14:00etan hasiko da.