#MAITEDUGUAZOKA · Ahotsenean 123 proposamen izango ditugu aurten
Mugalari
Abenduaren 2tik 6ra arte antolatuko da aurten Durangoko Azoka, 51.ena hain justu, eta, beste urte batez, euskal kulturaren plaza bihurtuko da. Urtero bezala AHOTSENEAk 2016eko diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertu formatuan. Solasaldien gunean, aldiz, 50 sortzailek baino gehiagok egingo dute (idazleak gehienbat, baina baita musikari zenbait ere), hainbat formatutan: solasaldia, mahaingurua, errezitaldia, ikuskizuna, emanaldi akustikoa…
AHOTSENEA hazi egin da. 2013ra arte 55 sortzaile har zitzakeen guztira. Aurten, 120 aurkezpen baino gehiago izango ditugu. Egia da 51. Azoka hau, iazkoa bezalaxe, 5 egunekoa dugula eta horrek aukera eman duela toki zabalagoa egiteko sortzaileei, baina ororen gainetik nabaria da sortzaileen gogoa Ahotsenean parte hartzeko.
Eta betiko lez, bide luzeko sortzaileak sortzaile hasiberriekin konpartituko dute eszenatokia. Guda Dantza (https://www.facebook.com/gudadantza/), Gatibu, Kokein, Revolta Permanent, Labrit, Joseba B. Lenoir, Siroka, Perlak, Lauroba, Keu Agirretxea edo Etxerekin batera, Kohatu, Zazkel, Rukula, Magnetico Grupo Robot edo Errime jardungo dira zuzenean. Eta berdin idazleak. Ahotseneatik pasako dira aurten hamaika idazle: Arantxa Urretabizkaia, Asier Serrano, Aitziber Etxeberria, Kirmen Uribe, Miren Gorrotxategi, Patxi Larrion, Mariasun Landa…
Iparraldetik hainbat egile etorriko zaizkigu. Zuzenekoetan: Tristtan Mourguy, Xabaltx, Otxalde, Arramazka, Bidaia, Begiz-Begi, Pier Paul Berzaitz… Eta idazleak: Erich Dicharry, Amaiur Blasco…
Egitarau zabala ahotsenea.durangokoazoka.eus webgunean ikus daiteke.
Zuzenekoetan aldaketa nagusi bat dago. Orain arteko orubean etxebizitzak eraikitzen hasiak dira, eta Ahotsenea Landako alboko parkera mugituko da. Bestalde, kontzertuen aurkezpenak berreskuratuko ditugu.
Aurten ere narratiba eta poesia liburuak bestela aurkeztuko dira. Solasaldiarekin batera, aurkezpenen hasieran eta bukaeran pasarteak irakurriko dira musikaz lagundurik. Iaz bezala, Ane Artetxe, Amaia Ruiz eta Amaia Irazabal arituko dira zeregin horretan.
Etiquetas: DA!, Durango, Durangoko Azoka, Etxe, Guda Dantza, Kultura, Reovlta Permanent