Elorrioko Udalak Berdintasun Plan berria osatuko du datozen hilabeteetan
Mugalari
‘Amestutako Elorrio Parekidea egin’ lelopean, herriko eragile eta elkarte ezberdinen laguntzarekin gauzatuko da prozesua, eta Plana urte bukaerarako onartzea aurreikusi dute udal ordezkariek.
2014ean agortutako III. Berdintasun Plana aztertu eta IV. Plan berri bat abiarazteko urratsak ematen hasi da dagoeneko Elorrioko Udala. Bide horretan, herriko hainbat eragile zein pertsonen laguntza izango du, horien ekarpenak jasoz eta balioetsiz. ‘Amestutako Elorrio Parekidea egin’ lelopean, prozesu hau otsailetik azarora bitarte bideratuko da, eta horren emaitza nagusia Elorrioko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana izango da.
Prozesu guztia dinamizatu eta zuzentzeko, talde eragile bat sortu da dagoeneko. Talde eragile horretan emakume elkarte eta talde feministen ordezkariak, udal idazkariak, Berdintasunerako teknikariak eta Elhuyar Aholkularitzak parte hartuko dute.
Hala ere, plan berria lantzen hasi aurretik, gaur egungo egoeraren diagnosia eta aurreko planen ebaluazioa egingo dute: “Modu honetan, jakin ahal izango dugu herrian berdintasunaren bilakaera nolakoa izan den, zertan egin dugun aurrera eta zertan ez. Antzeko prozesua egin zen 2010ean orduko egoera jakiteko, jende askok parte hartu zuen —herritarrak zein udal langileak—, eta oso lan txukuna egin zen. Orain berriro haiengana eta beste batzuengana zuzenduko gara, haien iritziak, iradokizunak, proposamenak edota egoerak jakiteko”, azaldu du Aratxu Uriarte Berdintasun zinegotziak.
· Bide ezberdinak informazioa jasotzeko · Uriarterekin batera, prozesuaren aurkezpenean Idoia Buruaga alkateak eta Marije Apodaka Berdintasun teknikariak hartu dute parte. Azken horren iritziz, “garrantzitsua da jendeak ikustea horrelako lanaren helburua generoek eragindako diskriminazio-egoerak gainditzea dela. Ebaluazioari eta diagnostikoari esker benetako egoera ezagutu nahi dugu, berdintasunaren oztopoak eta lorpenak zeintzuk diren jakin. Plan oso errealista bat egin nahi dugu”.
Horrela, hainbat iturritatik eratorritako datu kuantitatiboak aztertzeaz gain, informazio kualitatiboa jasotzeko eta lantzeko hainbat bide jorratuko dira:
- Elorrioko herritarrei eta Udaleko langileei elkarrizketa sakonak egingo zaizkie otsailean
- Udaleko langileen ikuspegia onlineko galdetegi baten bidez jasoko da otsailean.
- Sare bidezko parte-hartzea sustatuko da. Adibidez, gaurtik aurrera eus-en “Amestutako Elorrio parekidea egin” atala dago. Horretan informazioa emateaz gain, esteka bat dago inkesta batera eramaten zaituena.
Herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko asmoz eta berdintasuna nola bizi eta sentitzen duten jakiteko, datozen hilabeteetan lantalde ezberdinak sortuko dira. Idoia Buruaga alkatearen iritziz, “abenduan ‘Amestutako Elorrio Egin’ prozesuaren berri eman genuen, zeinek herritarren ekarpenak biltzen zituen; horien artean zegoen emakume eta gizonen berdintasuna atala, zenbait neurriekin. Instituzio moduan gure konpromisoa da berdintasunerako politikak sendotzea, ezartzea eta neurtzea; baita aurretik egindako lana sakontzea ere”.
Etiquetas: Elorrio