Domekan jokatuko da Abadiñon Euskadiko kross labur eta beteranoen txapelketa
Mugalari
Domekan jokatuko da Abadiñon Euskadiko Kross Labur eta Beteranoen Txapelketa, eta baita ere eskola arteko kross txapelketarako puntuatuko duen azken ekitaldia. Guztira, mila korrikalari batuko dira Sekulebedarra Kirol Klubak Abadiñoko Udalaren eta Euskadiko Atletismo Federazioaren laguntzarekin antolatutako ekitaldi horretan, Eneko Etxebarria, Abadiñoko Udaleko Kirol Arloko zinegotziak gaur esan duenez.
Prentsaurreko batean Etxebarriak ekitaldi hori aurkeztu du Udaletxeko batzargelan, alboan izan dituela José Antonio Silva, Sekulebedarra taldekoa, eta Euskadiko Atletismo Federazioko presidente Juanjo Andérez.
Antonio Silvak esan du domekako saio guztiak 1300 metro luzeko belarrezko zirkuitu batean korrituko direla, Abadiñoko Eroski merkatal zentroaren atzekaldean. Euskadiko Kross Labur eta Beteranoen Txapelketan 370 bat atleta lehiatuko dira -260 mutil eta 110 neska-, gizon eta emakumezkoen beterano eta absolutu mailetan, lasterketa bakoitzean hiruzpalau itzuli eginez zirkuitoari. Talde antolatzailearen ordezkariak esan duenez, lasterketara azaltzeko hitza emanda daude Iban Sánchez, David García, Leire Merina eta Iraia García bezalako euskal atleta gailenak, beste batzuen artean. Bi mailetan hiruna sari banatuko dira.
· Benjaminak · Bestalde, 600 bat umek, benjaminetatik hasi eta kadetetaraino, parte hartuko dute Eskola Arteko Kross Txapelketarako puntuatuko duen azken ekitaldian, datorren domekan eta leku berean, baina zirkuitu ezberdinetan, adinaren arabera. Antolatzaileek freskagarriak banatuko dizkiete ume korrikalari guztiei.
Abadiñon horrelako ekitaldi bat antolatzeak duen garrantzia azpimarratu du Eneko Etxebarriak: «Batetik, puntarengo kirolariak etorriko jakuz herrira, eta hori gauza handia da. Baina bardin handia da 600 ume inguru animatu izana txapelketa horretan parte hartzera, gazte-gaztetatik umeak kirolera zaletzeko bide ederrena baita hori», esan du.