HITZEZ ETA AHOTSEZ · Durangaldeko idazleak izango dira aurtengo protagonistak
Izaskun Ellakuriaga
Durangaldeko euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera eskaintzen digu ‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimenak aurten beteko duen hirugarren aldian. Urtarrilean hasita hitzordua izango dute hilero literatura zaleek, eta apirilaren 22an jendaurreko irakurraldia egingo da.
Aurreko urteetako partaidetza ikusirik eta euren helburuei eutsiz 3. edizioa antolatzen animatu da ‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimenaren atzean dagoen taldea. Aurtengo protagonistak Durangaldeko idazleak izatea erabaki dute; klasikoak zein gaur egungoak. Eta iaz bezala, animatzen diren sortzaile guztiek lekua izango dute beste behin.
‘Durangaldea Hitzez eta Ahotsez’ izenburuarekin, urtarrilaren 21ean emango zaio hasiera aurtengo ekitaldiari. Berrizen bizi den Xabier Amuriza bertsolari eta idazleak emango dio hasiera. Bakarrizketa-Elkarrizketa saioan, ‘Mundua-Euskal Herria / Gu-Ni’ izenburupean iragarri duten solasaldia egingo da Durangoko Arte eta Historia Museoan, arratsaldeko 7etan. Otsailean eta martxoan, berriz, tertulia dialogikoak egingo dira Durangoko Udal Bibliotekan. Amaitzeko, jendaurreko irakurraldia egingo da Plateruena Kafe Antzokian, apirilaren 22an.
· Irakurraldia · Durangaldeko idazle klasikoen eta gaur egungoen txatalak irakurri eta errezitatuz egingo da irakurraldia. Iaz bezala, animatzen diren sortzaile guztiek lekua izango dute. Pare bat minutu izango ditu irakurle bakoitzak, gutxi gora behera, bere testua irakurtzeko . Durangaldeko aspaldiko sortzaile zein sortzaile-gaiek aukera bikaina izango dute jendaurrean euren sorkuntza azaltzeko. Ekitaldi jendetsuena izaten da irakurraldia. Iaz, esaterako, 225 lagun inguruk parte hartu zuten “Itsasoa” gaia ardatza izanda euskal idazleen ipuin, narrazaio eta poemak irakurtzen.
Zure publizitatea Mugalarin
Amorebieta-Etxanoko Udala
Etiquetas: Durangaldea, Durango, HItzez eta hotsez