Ruper Ordorika, Deabru Beltzak, Mocker’s, Nevadah eta Huntza taldeak izango dira Abadiñoko San Trokazetako jaietan
Huntza, Ruper Ordorika, Raimundo el Canastero, Mocker´s edo Nevadah izango dira Abadiñoko San Trokaz jaietako musika eskaintzaren ardatza. San Trokaz jaiak, ostiral honetan, hilak 12, hasiko dira, 19:00etan, txistulariek lagunduta egingo den Gerbasen kalejira tradizionalarekin eta San Trokaz plazan egingo den dantza-alardearekin. Jaietako lehen egun horretarako programazioak, Deabru Beltzak konpainiaren Su Danborrak kaleko ikuskizuna eskainiko du Azokan, 21:30etik aurrera, zuzeneko musika, piroteknia eta efektu berezi handiak batzen dituen pieza eszenikoa.
Programazioak uztailaren 13an, “Gazte Egunean”, jarraituko du, ume eta gazteentzako jarduera ugarirekin, besteak beste Emozio Parkea frontoian, herri bazkaria eta jolasak Azokan. 12:00etan kalejira hasiko da Muñatones Otxotearekin, eta arratsaldean 18:30etik aurrera, beste kalejira bat Broken Brothers Brass taldearekin.
Jardunaldi honetan txirrindularitza eta Tornosolo trinketean jokatuko den San Trokaz pilota txapelketa ere izango dira. 21:30etik aurrera Raimundo el Canastero, Mocker´s eta Nevadah taldeen kontzertua egongo da Txanporta plazan. Mugikortasun segurua bultzatzeko, udalerriko gazteentzat batez ere, udalak gaueko autobus zerbitzua eskainiko du larunbatetan Muntsaratz eta Traña-Matiena artean, 22:00etatik 3:30era.
Igandean, hilak 14, Abadiñoko emakume artisau – sortzaileak elkarteak antolatutako artisautza azoka egingo da. 17:30ean, Azokan, familiei zuzendutako “Petitxou” ikuskizuna programatu da. Jai-eguna 19:00etan itxiko da, Herri Maite akordeoi taldearekin, San Trokaz elizan. Maiatzaren 15a, astelehena, San Trokaz eguna, ezpatadantzariek eta iruleek plazan eskainiko duten emanaldiarekin hasiko da, eta arratsaldean erromeria izango da Trikiziorekin Txanporta plazan.
Ruper Ordorika
Hilaren 19an berriro ekingo zaio jaietako programazioari Txanporta plazan egingo den diskofestarekin, Tornosolo trinketean izango diren 22 urtez azpikoentzako eskuz binakako pilota partiduekin, eta 22:00etan Probalekuak hartuko duen Ruper Ordorikaren kontzertuarekin. Sarrera librea izango da, baina gonbidapenak jaso beharko dira Mediatekan.
Larunbatean, hilak 20, 12:30ean, trikitilariek eta erraldoiek lagunduta San Trokaz plazan egingo den Euskal Ezkontzarekin hasiko da jai egitaraua. 14:30ean ohiko herri bazkaria hasiko da eta arratsaldean kontzertuak izango dira Txanporta plazan, 18:30ean Julivert eta 21:30ean Huntza arituko dira, eta amaitzeko Dj Bullek emango die amaiera jaiei.
San Trokaz jaiak maiatzaren 21ean amaituko dira, Azokan egingo diren jolas tradizionalekin eta gazteen herri kirolekin. 18:00etan kalejira eta alardea antolatu dira Txanporta plazan, umeentzako Talde Batuak taldearekin. 19:00etatik aurrera, leku horretan bertan txokolate-jana egingo da, 20:00etatik aurrera San Trokaz jaien amaiera markatuko duen Gerbasen agurraren aurretik. 2023ko San Trokaz jaietako programazio osoa udalaren webgunean dago eskuragarri (Zerbitzuak – Ekitaldiak eta aisialdia).