Astelehena,
2024ko Azaroak25

MugaKultura

loader-image
Durango
2:45 am,
temperature icon 18°C
Humidity 69 %
Ráfagas de viento: 65 Km/h

Gizon eta emakumeen zereginen mailaketa

Jabier Bereziartua

Jabier Bereziartua

Gizakion historiaren hastapenetatik bereizi eta sailkatu egin dira gizonek eta emakumeek gizataldean dituzten zereginak. Zein dira, bada, bi generoen arteko ezberdintasun nabarienak? Lehenengoen alde, indarra eta tamaina;  bigarrenen alde, berriz, haurdunaldi eta edoskitzearen bitartez, gizakion biziraupenaren zaindari izatea, behintzat. Baina parekotasunean oinarritutako bereizketa aberasgarria egin ordez, batzuk besteei gailendu egin zaizkie gizakiak taldeetan antolatzen hasi zirenetik.

Indartsuenaren legeak ezarri du, historiaurreko egunetatik, zeinek agintzen duten eta zein diren agindupekoak. Argi dago historian zehar indarra eradoskitzeari gailendu zaiola, indarra zutenek erabaki baitzuten zein izango ziren materialaren, agintearen nahiz boterearen jaun eta jabe eta zein geldituko ziren etxean, haien beharrak asetzen, ondorengoak zaintzen eta etxe-giro goxoa sortzen eta mantentzen. Antzinako garaietan, ikasi omen zuten denek aberastasun materialaren eta boterearen jabetza indarraren bitartez bere egin zuten haiek —gizonak, alegia— lehenak zirela, nagusiak, maila goreneko gizakiak, eskubidedunak; eta, emakumeak, ordea, zainketa lanak egitera baztertuak, bigarren mailakoak, eskubidegabeak. Horrela barneratu zuten denek zainketa-lanak behe-mailakoak zirela, dirurik ekartzen ez zuten lanak, baliogabekoak. Eta denek onartua, indarraren legea zela bide, oinarri horiekin gidatu zuten edo dute edo dugu mundua.

Gaur egun, gauza bera gertatzen da. Zein dira, oraindik, enpresa handi eta gobernu gehienetako agintariak? Eta zeinek jarraitzen dute diruaren eta materialaren jabe izaten? Munduko aberatsenen ditxosozko “Forbes” zerrendari gainbegiratua eginez gero, argi dago zeinek duten giderra eskuetan. Hogei aberatsenen artean, hiru emakumezko besterik ez daude, eta, horietatik aberatsena, bederatzigarren. Vatikanoan, ez da garbitzaile edo moja-laguntzaile ez den andrazko askorik ikusiko; eta ez Ajuriaenean, ez Kremlinen, ez Etxe Zurian, ez Moncloan, ez Palais de l’Élysée-en, ezta hainbat eta hainbat aginte-etxetan ere, ez da oraindik inoren alabarik eseri aulki presidentzialean. Gaixoen, umeen, zaharren, behartsuen zein etxeetako zaintza-lan orokorrez arduratzen direnen artean, aldiz, nagusi dira emakumezkoak.

Garaiak aldatzen ari direla diote. Bai, ukaezina da. Aldatzen ari dira. Berdintasunaren eta parekotasunaren bila gabiltza. Eta, ildo horretatik, emakumezkoen eskubideak gizonezkoen sestra berean jartzeko ahaleginak egiten ari gara. Ez dugu ezabatu funtsezko arazoa. Azken finean, emakumeak ere materialtasun eta boterearen jabeak izateko eskubidea izatea bultzatzen ari gara; alegia, lehenengo mailakoak izan ahal izatea. Eta horra begira gaude denok: botere-lekuetara. Baina arazoaren iturria ukitu gabe uzten dugu. Bi maila ezberdin daudelakoan jarraitzen dugu: batetik, goi-maila, boterearen eta diru-iturrien inguruan garatzen dena; eta, bestetik, behe-maila, zaintza-lanez arduratzen dena, eta diruarekin nahiz agintearekin zerikusi handirik ez duena, besteenganako arretarekin baizik.

Ez al litzateke egokiagoa izango, eta gizon-emakumeen arteko lan-banaketaren arazoa bideratzeko zuzenagoa, zaintza-lan horiek guztiak merezi duten begirunez hartzea?

Ematen ari garen urratsen egokitasunari buruz hausnartu behar genuke eta,  bidezkoa ez den genero-mailaketa desagerraraztearren, emakumeek historian zehar egindako lana eta zereginak gutxietsiz, arazoa tokiz aldatuta hartu dugun bidea aztertu ere.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu