Asteazkena,
2025ko Urtarrilak 22

MugaKultura

loader-image
Durango
7:56 am,
temperature icon 12°C
Humidity 96 %
Ráfagas de viento: 22 Km/h

Emakume musikariak ardatz dituzten jardunaldiak hasiko dira bihar Elorrion

‘Emakumeak oholtzan XXI. Mendean’ izenburupean, emakume artistak ardatz dituzten jardunaldiak antolatu dituzte Elorrioko Udalak eta Musika Eskolak elkarlanean. Azaldu dutenez, helburua emakume musikariez, oholtzetan duten presentziaz eta artisten egoeraz hausnartzea eta ikastea da, besteak beste.

Bi zatitan edo egunetan banatuko dira jardunaldiak. Lehenengo saioa bihar izango da: ‘Emakumeak musikagintzan’. Solasaldi forma hartuko du, eta Nerea Alberdi konpositore, orkestradore eta moldatzailea, Ane Legarreta orkestra zuzendaria eta Irati Bilbao abeslaria izango dira parte hartzen. 18:00etan izango da, Arriolan, eta gonbidapena eskatzeko elorriko.musikaeskola@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Bigarren saioa, berriz, hilaren 31n egingo da: ‘Emakumeak oholtzan’. Hori ere solasaldi formatuan antolatu dute, eta Lide Hernando (Liher), Esti Markez abeslaria eta Uxue Amonarriz (Huntza) izango dira gonbidatuak. “Esparru desberdinetako artistak gonbidatu nahi izan ditugu: rocka egiten dutenak, erromerietan ibiltzen direnak…. Askotariko egoerak bizi ditzakete, eta aberasgarriak izango dira beraien testigantzak errealitatea hobeto ezagutzeko”, adierazi du Gaizka Peñafiel Musika Eskolako irakasleak. Bi solasaldiak Leire Vargas idazle eta bertsolariak gidatuko ditu.

Ikasi ostean, zer?

Urrutira joan gabe, Elorrion eta inguruetan, musika eskoletako ikasle gehienak emakumeak dira; hala ere, Peñafielek adierazi duenez, errealitate hori ez da esparru profesionalean islatzen. “Gizonekin alderatuta, emakumeek musikaren alorrean —musika-produkzioan, kasu— duten presentzia eta ikusgarritasuna txikiagoa da, eta lan-baldintzek ere ez dute zer ikusirik. Emakumeak falta dira oholtzetan”.

Jardunaldiak ikasleentzako oso baliagarriak izango direla uste dute antolatzaileek: “Erreferenteak behar dituzte Musika Eskolako neska-mutikoek”.

Horri lotuta, Alazne Mendizabal berdintasun zinegotziak azaldu du gizartea aldaketa ugari bizitzen ari dela mugimendu feministek sustatuta, eta musikaren alorra ez dela salbuespena izan behar: “Iluntasunari argia jarri diote feminismoek. Konturatu gara soldata arrakalez, kristalezko sabaiez, zaintza lanen garrantziaz, emakumeen aurkako eraso sistematikoez… Elorrioko Udalak ere txertatuta du ikuspegi hori eta bizitzako alor guztiak argiztatzen ari den kontzientzia feministarekin lan egiten du. Musikaren alorra ere jorratu nahi dugu; eta elkarlana modu ezin hobea da”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu