Durangoko Correosen eraikina kultur etxe bihurtzeko 1,5 milioi euroko laguntza hitzarmena sinatu du Udalak
Correosen eraikin zaharra herriko lehenengo Kultur Etxe bihurtzeko, Durangoko Udalak ebazpen hitzarmena sinatu du astearte honetan, Kultura eta Kirol Ministerioaren 1.500.000 euroko dirulaguntza izenduna jasotzeko. Aldi berean, Udalak lizitaziora atera du proiektuaren idazketa, eta berau ere Ministerioaren diru laguntzarekin finantziatuko da.
Lan horiei esker, Durangok bere lehen Kultur Etxea izango du, herrigune erdigunean egongo dena. 2000ko hamarkadaren hasierara arte Correosen bulegoa hartu zuen eraikina da, eta orduz geroztik jarduerarik gabe egon da. Proiektu hau aurrera eramateko, 1,5 milioiko dirulaguntza izenduna Estatuko 2023ko Aurrekontu Orokorren Legean sartuta dago.
Eraikinaren barrualdea eta fatxada eraberrituko dira, eta, aldi berean, instalazio guztiak berrituko dira. Fatxadari dagokionez, egungo bolumena mantenduko da, plazara begirako begiratokiak eta fatxadako baoak izan ezik.
Beheko solairuan oztopo arkitektonikoak kenduko dira, eta kanpoaldea barrualdearekin lotuko da ibilbide irisgarri baten bidez, ez bakarrik fisikoa, baita bisuala ere.