Astelehena,
2024ko Azaroak25

MugaKultura

loader-image
Durango
3:00 am,
temperature icon 19°C
Humidity 69 %
Ráfagas de viento: 65 Km/h

Kherau: Aspaldiko mugalariok!

Aitor Esteban Etxebarria

Aitor Esteban Etxebarria

Azaroaren 21ean Iurretan eskainiko dugun emanaldia dela-eta, lerro batzuk eskatu dizkigute kherautarroi Durangaldeko irakurleontzat. Kanta mitiko batek zioen muga gehienak gure baitan daudela, eta gu ere, horretaz jakitun, bagoaz halako zenbait gaindituz musikazale euskaltzaleoi esker: gure gaitasunenak, gure ametsenak, gure hizkuntzarenak eta gure mapa bako herriarenak. Ez dugu gogoratzen nork zioen bizitzaren ibilera espiral bat zela: beti jotzen baititugu goi eta behe berberok, baina beti aurrera eginaz eten barik. Horren sentipena dugu Iurretarako deiadarra jasotzean.

Durangaldeak berezko pisua izan du Kherauren karreran. Izan ere, 2010eko azokan irten ginen lehenengoz plazara ‘Munduan ortozik’ gure lehenengo lana aurkeztera. Bost lagun amets-ero-txori-buru baino ez ginen, eta Durangoko Ahotsenea-kotabladua izan zen gure estreinako topagunea, ez baikeunden ordura arte jendaurrean arituak, ez behintzat, hurrengo bost urtean mantendu izan dugun boskote formatuan.

Geroztik, sarritan ibili gara ortozik zuon parajeetatik: Abadiñoko jaietan eta Plateruenan, bietan publikoaren erantzun beroa jaso dugularik prime-time-etik kanpo jardun badugu ere. Horiek, eta beste kontzertu askok, lagundu ziguten 2014ko udaberri aldera zapatak janzten behingoagatik, eta hara: ‘Aukhera’ gure bigarren lanaz erditu ginen. Bigarrena jaio eta ia berehala, Ahotsenea-ra bueltatzeko gonbite luzatu zitzaigun ostera ere, iazko azokan; eta han norbaiten gustuko izan ginelakoan edo, joan den maiatzean Berrizen jotzeko deitu ziguten: beste behin ere harrera bikaina egin zigutelarik.

Hara, Durangaldeko mugak urratu barik beste hainbat muga hautsi ditugu: gure abiapuntuko soinuarenak eta gure entzule kopuruarena: ez don/k marka makala, konpai! Gainera, pentsatzen hasita, Iurretakoa ere oso mugako emanaldia izango da. Izan ere, gure bosgarren urtemuga dela eta abenduaren 11n ospakizun berezia tramatzen gabiltza Bilborock-erako, eta seguru asko, Iurretan ipini beharko ditugu aproban zenbait kontu berri, gure asmoa, azkeneko urte bietan ‘Aukera’ biran plazaratu dugun ikuskizunaren mugak apurtzea baita. Beraz, badituzue makina bat pizgarri Iurretara etortzeko, mugalariok, beste behin ere, mugarri berri bat ezartzen lagundu diezaguzuen!

Hor gauzkazue!

* Aitor Esteban Etxebarria Kherau taldeko baxulari eta bertsolaria da

2015eko musikaldia

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu