Udaberri kultural oparoa Mañarian, Ganso & Cia, Mursego eta Pirritx, Porrotx eta Marimamototsen eskutik
· Ganso & Cia konpainiak ARRI estreinatuko du Mañarian, herritik zehar arte eszeniko ezberdinak jorratuko dituen ikuskina, espresuki Mañariako Maiatza Kulturalerako sortua. Udalak 10 hitzordurekin sortu du egitaraua
Kulturak leku pribilegiatua hartuko du Mañarian maiatzean. Badator Kultur astearen XIV. edizioa, Mañariko Udalak antolatua eta mañariarren harrera bikaina jasotzen duena. «Guztion kultura, anitza eta askotarikoa, Mañarian guztiongana iristea nahi dugu», adierazi du Ainara Otxotorena herriko alkateak.
Aurtengo ediziorako 10 ikuskizun kontratatu dira, haur antzerkia, musika, kale antzerkia, hitzaldiak, etab. bezalako diziplinak barne hartzen dituztenak. «Maiatza kulturala 2023» honetako protagonisten eta izen propioen zerrenda zabala eta askotarikoa da, genero, diziplina eta publiko ezberdinak barne hartzen dituena: Tapia eta Leturia, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia, Tanadori Yamaguchi, Barsanti Konpainia, etab.
Hala ere, Mañarian inoiz ikusi ez diren hiru ekitaldi nabarmentzen dira: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen haurrentzako ikuskizuna, plaza guztiak betetzen dituzten pailazoak; Maite Arroitajauregi konpositore eta interpretea (Mursego bezala ezagunagoa), 2023ko Goya sarietan Irati filmeko Abesti Onena eta Jatorrizko Musika Onena izendatu dutena; eta ARRI arte eszenikoen erakusketa, Ganso & Cía konpainia durangarraren sorkuntza kultur aste honetarako egina.
Bestalde, urtero egiten den bezala, maiatzaren 21ean, igandea, artisautza, elikadura eta landare azokaren XXVII. edizioa ospatuko da, baita Euskadiko Azpi-Gorri azokaren VI. lehiaketa ere.
ARRI, Ganso & Cia
ARRI, antzerkia, dantza, zirkua edo magia bezalako diziplina eszenikoetako artistak bilduko dituen ekitaldia da. Mañariko hainbat txoko ezohiko eszenatoki bihurtuko dira, artistek iraupen laburreko eta harridura handiko ikuskizunak egiteko publikoaren gozamenerako. Proposamen honek, gainera, bizilagunak integratzera gonbidatzen ditu, sormen unibertso hau beste aldetik ezagutzera, ikuskizunetan edo antolakuntzan parte hartuz. Benetako maratoi errepikaezina izango da, Mañaria sormenez tindatuko duena. Guztia Mañariko Udalak antolatua eta GANSO & Cía antzerki konpainiak koordinatua.
Mañariako alkate Ainara Otxotorenaren adierazpenak
“Gure asmoa da kultura eta entretenimendua gure herriko protagonista bihurtzea egun horietan. Hau da, herrian merezi duen tokia ematea kulturari eta Mañaria inoiz baino biziago dagoela lau haizetara zabaltzea. Gainera, gura izan dugu plazatik harago eskaintza zabaltzea. Mañarian plaza da herriari bizitza ematen diona, herritarrak sozializatzeko gunea, eta bertan antolatzen dira gauza gehienak. Ordea, gure asmoa izan da kultura inguruetako beste toki edo auzo batzuetara eramatea., Kultur Etxea edo Angurretako harrobiak legez. Gainera, ARRI ikuskizunak ere herriko txoko ezberdinetatik antzeztuko da. Udalarentzako apustu handienetakoa da Maiatza Kulturala, nahi dugula herriko jendeak asko disfrutatzea eta kanpoko jendea ere erakartzea. Horretarako prestatu dugu egitarau anitza eta gustu zein adin guztietarako aproposa”.