Juan Uribe Alberdi izan da Durangoko Martxoaren 31ko lekukoa
Izaskun Ellakuriaga
Gerediaga Elkarteak eta Kriskitin dantza taldeak antolatzen duten oroimen ekitaldian 96 urteko Juan Uribe Alberdi durangarra izan da protagonista. Herriak herriari egiten dion ekitaldian, 1937ko martxoaren 31ko lekuko modura, berak jarri zuek lora-erramua Andra Mariako elizaren zutabeetako baten dagoen oroit-plakaren azpian.
Juan Uribe Alberdik 10 urte zituen Durango bonbardatu zutenean. Aitarekin, “Kornelioren txaletean” – gaur egun Ertzainetxea – lanean zebilen goldearekin. Lehenengo hegazkinak bonbak jaurtitzen ikusi zuten. Ez ziren zauritu, baina eraikinaren horman lehertu zen bonba batek goldea apurtu zieten. Goizeko bonbardaketa baretu zela ikusi zuenean, aitak, behiak hartuta, Kurutziagatik San Rokera – Bustintza baserrira – joateko esan zion. Orduan ikusi ahal izan zuen Juan Uribek bonbardaketaren alderik gordinena: gorpu zatiak lurrean, pertsonak arrantzaka, eraikinak hondatuta eta sutan.