1937an hobi komunetan lurperatutakoak omendu ditu Durangoko Udalak
“Bonbardaketa horretan izen eta abizenik gabe lurperatutakoen memoria aldarrikatu nahi dugu, eta espazio berri honek senideek euren arbasoak omentzea ahalbidetuko du. 86 urteren ostean Udal modura zor bat genuen senide guzti horiekin, eta gaur hemen hainbat eta hainbat senide ikusteak bihotzak bete dizkigu”, adierazi dute ekitaldian Ima Garrastatxu Durangoko alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
Izan ere, 1937ko Durangoren aurkako bonbardaketak ehunka hildako eta zauritu utzi zituen, eta horietako batzuk herriko hilerrira eraman eta hobi komunetan lurperatu zituzten, ahanzturan geratuz. Dena den, eta gorpuzkinak bertan egon zirela grafikoki jasota dagoen arren, iaz Aranzadi Zientzia Elkarteak prospekzio bat egin zuen hilerrian, baina ez zen gorpuzkirik atzeman.
Hala ere, Gerediaga eta ‘Durango 1936’ elkarteek zein herriko ikerlari ezberdinek behinola lurperatutako pertsona horiek identifikatzeko ikerketaren lehen fasea abiatu zuten 2021ean. Helburu bikoitzarekin egin zen ikerketa: lurperatu zituzten pertsonak identifikatzea, eta, ostean, haien senideak aurkitzea. Durangoko Udalarekin elkarlanean, 2021eko abenduan senideekin topaketa bat antolatu zen Durangon. Bertan 50 familia inguru bildu ziren, eta askok han bertan jakin zuten lehen aldiz beren senideen heriotzaren kokalekuaren berri.
“1937ko bonbardaketa hartan erail eta lurperatu zituzten arren, pertsona horiek durangarron oroimenean egon dira ordutik. Oroimen gune hau zuentzat da, 86 urteren ostean zuen senideak oroitzeko eta omentzeko espazio duin bat izan dezazuen. Durangon ere egia, justizia, duintasuna eta erreparazioa aldarrikatzen dugu, eta omenaldi honek norabide horretan sakondu nahi du”, adierazi dute Garrastatxuk eta Riosek.
Ikerketa irekita dagoen arren, orain arte 80 pertsonatik gora identifikatu dira, baina gainontzeko kasuetan ez da posible izan, momentuz. Kasu askotan, oso erreferentzia soilak izan dira abiapuntu: «Identifikatu ezin da», «Otxandianoko miliziano bat» edo «XX zk.ko identifikazio-plaka»; beste kasu batzuetan, berriz, biktimaren sexua edo gutxi gorabeherako adina aipatzen da.
Identifikatutako pertsonen izenetatik eta bestelako informazioetatik, hurrengo pausua euren ondorengoak bilatzen hastea izan zen. Ikertzaileek aipatu zutenez, “familia horietako batzuek ez zuten Durangoko hilerriko datua ezagutzen, beti pentsatu izan dutelako gorpuzkiak Aramaion edo Otxandion geratu zirela, esaterako”.
Erika Lagoma idazleak zuzendu du ekitaldia, eta Pilar Martinez Lizariturrik, biktimetako baten senideak, memorialaren garrantzia eta oroimena aldarrikatzea gogorarazi ditu. Izan ere, badirudi ahazten dena ez dela existitzen.