Domekan Bizikleta Eguna ospatuko da Abadiñon
Mugalari
Abadiñoko Udalak, Durangaldeko Bizikleta Eskolarekin eta Udaltalde 21ekin batera, Bizikleta Eguna antolatu du Abadiñon datorren domekarako. Familia giroan gozatzeko ekitaldi horrek bizikletaren erabilera bultzatzea du helburu, Udaleko Kirol Batzordeko buruak, Eneko Etxebarriak, adierazi duenez.
Ekitaldian parte hartzen duten guztiek sei kilometro egingo dituzte bizikletaz Abadiñoko bidegorrietan barrena. Hamar urtetik beherakoentzat hiru kilometroko ibilbide alternatibo bat prestatu da Traña-Matienako kaleetan zehar. Irteera 11:00etan izango da, Traña Plazan. Inskripzioa dohainik izango da, eta txangoaren hasiera-ordua baino ordubete lehenagora arte eman ahal izango da izena, irteera-gunean bertan. Parte-hartzaile guztiek kaskoa jantzi behar dute.
Umeentzat bestelako ekitaldiak ere izango dira, esaterako gymkhana bat eta elementu birziklatuekin gauzak egiteko tailerra (horretarako, yogur-ontziak eramateko eskatu zaie parte-hartzaileei).
Eneko Etxebarriak herritar guztiak animatu ditu Bizikleta Egun horretan parte hartzera. Bere ustez, jarduera horrekin ez da bakarrik lortuko bizikletari indarra ematea: “Garraiobide jasangarri eta osasuntsu horren erabilera bultzatzeaz gain, parte-hartzaileek aukera izango dute Abadiñoko bidegorri sare aberatsa hobeto ezagutzeko eta birziklaketari buruz gehiago ikasteko», esan du.
Publizitatea Mugalarin