Abadiñoko jabekuntza eskolak 9 ikastaro eta tailer programatu ditu bere laugarren urtean
Mugalari
Abadiñoko Jabekuntza Eskolak epea zabaldu du izena emateko 2015-2016. ikasturterako programatu dituen bederatzi ikastaro eta tailerretan. Jabekuntza Eskolak hainbat emakume talde bilduko ditu Txanportan eta Errota Kultur Etxean, bertan lantzeko feminismoa, osasuna, parte-hartze politiko eta soziala eta antzeko beste hainbat gai, Berdintasun Arloko zinegotziak, Yanire Morenok, adierazi duenez.
Morenok gogoratu dau lau urte igaro direla Jabekuntza Eskola sortu zenetik eta epe horretan emakumeendako gogoeta eta ikasketa gune sendo bat bihurtu dela. Orobat esan du ikastaro batzuk mantentzen diren arren, esaterako zoru pelbikoaren mantenimenduari buruzkoa, gehienak berriak direla.
Saioak 8-20 ordu bitartekoak izango dira, urriaren 19tik maiatzera bitarte, eta irakasleak arlo bakoitzeko espezialistak izango dira. Urriko ikastaroetan zoru pelbikoa gogortzeko teknikak ikasiko dira, hiruhileko tailer batean irakatsiz gihar horretako disfuntzioak ekiditeko ariketak, sexu-bizitza betea izateko. Urriaren 19an “Zer daki zure gorputzak zu oraindik ez dakizunik?” izeneko osasunaren gaineko ikastaro bat hasiko da, emakumearen gorputzaz gogoeta egiteko gune bat izango dena eta otsailean bukatuko dena. Urriaren 22an hasiko da «Coaching-a zeure burua ezagutzeko, hobetzeko eta ekiteko» izeneko ikastaroa, azarora eta abendura luzatuko dena eta parte-hartzaileei euren emozioak hobeto kudeatzen lagunduko diena.
· Feminismoaz · Azaro-abenduetan “Zuri zer esan dizute feminismoaz” izeneko ikastaroa egingo da euskeraz eta gazteleraz; abenduaren 12an, zortzi orduko ikastaro bat emango da dohainik autodefentsa feministari buruz. Feminismoan sakontzen jarraitzeko, azaroaren 21 eta 22an hamar urteko ikastaro bat emango da, “Feminismo ilustratuak” deitua.
Beren bizi-kalitatea mantendu nahi duten emakume adinduentzat prestatu da “Dotore zahartzen” ikastaroa, urtarriletik martira bitartean. Sasoi berean emango da mindfulness ikastaro bat.
Egitaraua zarratzeko tailer bat egingo da euskeraz apirilean eta maiatzean, jendaurrean hitz egiteko teknikak lantzeko.
Ikastaroetan parte hartu nahi duenak izena eman dezake Errotan eta Txanporta Kultur Etxean ikastaro bakoitza hasi baino 10 egun lehenagora arte, edo email bat bialduz «berdintasuna@abadiano.org» helbidera. Abadiñon erroldatutako emakumeek 10€ ordainduko dute matrikula gisa eta kanpoan erroldatutakoek 25 euro. Emakume ikasle eta langabetuei 5 euro kobratuko zaie.
Publizitatea Mugalarin