Igandea,
2024ko Azaroak24

MugaKultura

loader-image
Durango
7:43 pm,
temperature icon 18°C
Humidity 69 %
Ráfagas de viento: 61 Km/h

Fundizio zaharrean molde berriak

Anes Baños

Anes Baños Madariaga

Asko izan dira gure herrian fundiziotik bizi izan direnak, metala urtu eta forma emanez eguneroko ogia irabazi dutenak. Horretan zebiltzan ere, hainbat urte itxita daramatzan Fundifes enpresako langileak. Ekainaren 27an herriko hainbat gaztek enpresa zaharraren ateak zabaldu genituen berriro ere, gaztetxe berrian orain arteko molde ezberdinekin piezak aldatuz Durangoko gazteok behar dugun alternatiba sortzen hasteko.

Galdategiko ateak berriro ireki eta udan zehar gogor lan egin dugu bertan behera utzita zegoena berriro martxan jartzeko, auzolanean eraikina konpondu eta garbitu dugu. Galdategian gogorra zen metala urtu eta nahieran eraldatzen zen bezala, gaztetxea errealitatea hartu eta kolektiboki eraldatzeko espazioa izatea nahi dugu. Baina behin espazioa eta bitartekoak edukita, zer sortu nahi dugu? Nolako moldeak behar ditugu? Zein da nahi dugun alternatiba?

Azken galdera hauei erantzuteko jarri genuen martxan galdara prozesua, espazio honen izaera eta funtzionamendua definitzeko. Prozesua martxan jartzeko ezinbestekoa da moldea egitea, hau da, espazioaren izaera definitzea. Hori bera egin genuen irailaren 5ean, Ezkurdiko plazan batu ginen berrogeita hamar bat gazteok. Autogestioaz mintzatu ginen, eta baita gaur egungo gizartean ematen diren genero-rolekin nola apurtu eztabaidatu ere, espazio parekide bat sortzera bidean. Era berean,  hizkuntzaren erabileraren gainean hausnartu genuen eta euskarak izan beharko zuen paperaz. Azkenik, ingurune naturalarekiko errespetuzko jarrera hartzeko beharraz hitz egin genuen, baliabideen etengabeko xahutzean oinarritzen den ereduaren aurrean.

Prozesuren bigarren zatiari heldu genion irailaren 19an, metala urtu eta moldea betez. Gaztetxea espazio zabal bat izatea nahi dugu, herriarekin etengabeko harremanean egongo dena. Proiektura batu garen gazteak asko bagara ere, badakigu espazioa anitzagoa izan daitekeela. Durango eraldatzeko lanean dabiltzan eragileekin elkarlanean aritzeko, auzokideekin bizikidetzazko harreman bat izateko, durangoko gazte denak gure bidelagun izateko… harreman eredu edo aukera ezberdinei  buruz hitz egin genuen. Horretaz gain espazioaren erabilera nola antolatu pentsatzen hasi ginen, horrenbeste aukera eskaintzen dituen leku hau ahalik eta ondoen aprobetxatzeko.

Baina prozesua ez da hemen bukatzen,  hau guztia aurrera eramateko beharrezkoa da metala hotzitzen uztea eta dena praktikara eramateko izango dugun funtzionamendua zehaztea, hau da, bertan parte hartuko dugun gazte ezberdinok nola antolatuko garen zehaztea. Horretan arituko gara datorren urriaren 3an gaztetxean bertan 17.00tan eta parte hartzeko deia luzatu nahi diegu durangoko gazte guztiei, denontzako gaztetxea nahi badugu denon artean eraiki behar dugulako.

Eta behin prozesua amaituta, moldea zabaldu eta gazte egunean aurkeztuko dugu denon artean fundizio zaharrari emango diogun izaera berria. Orduan prest izango ditugu herramientak eta gazte danon ilusioa eta lan egiteko gogoa besterik ez da faltako durango eraldatzeko. Bazatoz?

5af9bd7bfd1a25dde6d830a3c5fb0d0f 11921668_1642177096039367_2749287511908904532_n fbecb5aa3ef7a642f8006a0697f62277

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu