Asteartea,
2024ko Apirilak30

MugaKultura

loader-image
Durango
4:33 am,
temperature icon 7°C
Humidity 99 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Durangoko Muruetatorre dorretxea kultura eta elkarte arteko gune berria bihurtuko da

Durangoko Udalak lizitaziora atera ditu gaur egun hutsik eta erabilerarik gabe dagoen Muruetatorre dorretxea birgaitzeko lanak, berau kultura eta elkarte arteko espazio berri batean bihurtzeko asmoz. Eraikina, gainera, inguruko bizilagunentzako zentro zibiko gisa erabiliko da.

Proiektua aurkezteko, Ima Garrastatxu alkateak eta Jorge Varela Lurralde arloko arduradunak bilera izan zuten ostegun iluntzean auzoko bizilagunekin. Lanak udaberri bukaerarako hastea aurreikusten dute udal iturriek, eta lan horiei esker eraikina inguratzen duten hesiak jenduko dira, berdegune berri gisa erabili ahal izateko.

Eraikina 1660 urtearen ingurukoa da, eta balio sinboliko handiko eraikin historikoa da, hainbat hamarkadatan erabili gabe egon dena. Hala ere, eta Gobernu Planaren puntuetako bat betez, Udalak 682.801 eurotan (BEZa barne) lehiaketara atera berri ditu anbulatorioaren eta Landako eskolaren artean dagoen dorretxearen obrak.

Eraikina 1.100 metro karratuko lursail hesitu batean dago, eta berau ere herritarrentzako zabalduko da. Eraikinak berak 400m2-ko azalera eraikia du, eta gaur egun eraikinaren barrualdea egokitu gabe dago, igogailuaren zutabea eta metalezko eskailerak baino ez daudelarik.

“Zentro zibikoen bitartez auzoak biziberritzeko tresnak eskaini nahi dizkiegu durangarrei. Auzo indartsuak dituen Durango bat nahi dugu, non auzo bakoitzak bere dinamika propioa garatu ahal izango duen, eta horretarako garrantzitsua da durangarrei baliabideak ematea. Oso apustu garrantzitsua egin dugu eraikin eder hau berreskuratzeko eta datozen hilabeteetan bere fruituak ikusiko ditugu. Durangok herriko lehen hiru zentro zibikoak izango ditu datozen hilabeteetan: Errotaritxuenan, Juan de Iciar eta Muruetatorre”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Jorge Varela zinegotziak.

Eraberritze proiektua

Eraberritze proiektuaren bitartez kulturarteko eta elkarteetako erabilera berriak hartzeko lanak egingo dira. Eraikinak lau solairu ditu: sotoan aireztapen eta biltegi instalazioak egongo dira. Beheko solairua erabilera anitzeko espazio gisa erabiliko da. Lehenengo solairuak elkarlaneko tailer bat eta prestakuntzako beste bat izango ditu. Azkenik, teilatupean, bilera-gela bat, elkarteentzako beste bat eta kudeaketa-bulego bat.

Erreforma proiektuak, gainera, energia kontsumoa jaisteko planteamendua dauka. Lan horiei esker, energia primario ez berriztagarriaren kontsumoan eta CO2 isurketetan %93 aurreztea lortuko da.

Lan horiek finantzatzen laguntzeko, Durangoko Udalak 211.748 euroko dirulaguntza jaso du ‘Next Generation’ funts europarren eskutik. Obrek zortzi hilabeteko gehieneko epea dute gauzatzeko.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu