Cecilia Rodríguezen istorioak merezitako saria jaso du, semeak eta bilobak kontatutako testigantzarekin
‘Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio’ ekimeneko hirugarren postal irabazlea Juan Luis Artabek eta Esther Dianak idatzi zuten, protagonistaren semeak eta bilobak.
Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio’ ekimeneko 180 postaletatik hiru saritu zituen joan den astean. Deiene Perez eta Andoni Barañano bertan izan ziren eta euren amonen istorioak kontatu zituzten. Cecilia Rodriguezen senideak, berriz, aurrerago aurkitu zituen Udalak. Hala, Juan Luis Artabe semeak eta Esther Diana bilobak, postalean idatzitako kontakizunaren egileek, merezitako saria jaso zuten duela egun gutxi.
Esther Dianak, protagonistaren bilobak, azaldu du postala jasotzean argi izan zutela zein zen bere familian erreferentea izan zen emakumea, bere amona Cecilia Rodríguez: “sari hau aitortza izan da nire amamaren bizitzari; lanean gogoratzen dut, dendan josten… Etxean asko hitz egiten dugu berari buruz, eta denborarekin konturatu gara emakume aitzindaria izan zela bizitzea egokitu zitzaion garairako. Bi alaba eta seme bat izan zituen, eta garai hartan ohikoena zen emakumeak zerbitzatzera dedikatzea. Aititek bere lanbidea zuen, eta amamak berea propioa ekitea erabaki zuen. Etxanoko Kaitana eskolan ikasi zuen, eta Bilbora joan zen gizonezkoen arropen patroigintza ikastera. Garai hartan, alkandorak, barruko arropa eta pijamak egiten zituzten, besteak beste. Amorebieta-Etxanon, ‘Patxi sastre’ izan zen bere irakaslea, berarekin batera ikasi zuen praken patroigintzari buruzko beharrezko guztia, eta bere laguntzailea ere izan zen garai batean, bere mertzeria irekitzea erabaki zuen arte, Artabe izeneko denda. Enkarguak jasotzen zituen, eta handituz joan zen; 17 langile izatera iritsi zen, brodatzaile, plantxatzaile eta abarren artean. Aititak ere lana utzi zuen dendako mostradorean lan egiteko! Amorebieta-Etxanoko emakumeei, inguruko herrietatik bizikletaz zetozenei eta familiako emakumeei ere erakutsi zien bere lanbidea. Zalantzarik gabe, bere garaiari aurrea hartu zion emakumea izan zen, emakume aitzindaria”.