Bertsolaritzan trebatzeko taldean izena eman dezakete gaztetxoek Elorrion
Asteazken arratsaldeetan, 15:30etik 16:30era, Iturri Kultur Etxeko Uratsa gela zabalik egoten da bertsozale gazteentzat. Bertan, bat-bateko taldea elkartzen da; egun, sei gazte ari dira Igor Galarza bertsolariaren eskolak jasotzen.
Bat-bateko taldeak hezkuntza arautua eta bertso eskolen arteko zubia dira. Lehen Hezkuntzan bertsolaritzara hurbilpena egin duten gaztetxoek bertsolaritzan sakontzeko aukera izaten dute talde horietan. Izenak dioen bezala, bertsotan bat-batean hasteko aukera eskaintzen die eskolaz kanpoko jarduera horrek ikasleei.
Sustatzaileen esanetan gaitasun ugari eskuratzen dituzte ikasleek: bertsolaritzarekiko oinarrizko ezagutza izatea; bat-bateko lehenengo pausuak ematea; bertsozaletzea eta euskararekiko jarrera positiboa garatzea; hizkuntza- komunikaziorako konpetentzia garatzea; jende aurreko emanaldia egiteko oinarrizko betekizunak ezagutzea eta egoki baliatzea; eta talde lanean jarduteko gaitasuna lantzea.
Bestetik, Elorrioko Udalak azpimarratu nahi du herriarentzako ere pozgarria dela halako ekimenak indartzea: “Euskararen eta bere erabileraren alde egiteko garrantzitsua da. Gainera, herrian bertsolaritza eta bertsozaletasuna sustatzea ere polita da, bertsoaren ekosistema elikatzeko”.