Larunbata,
2024ko Azaroak23

MugaKultura

loader-image
Durango
9:38 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 81 %
Ráfagas de viento: 32 Km/h

I. GALARZA: “Durangaldea ‘Uztabarritzen’ zirkuitoak ilustreekin kantatzeko aukera emango digu Bertso Eskolako kideei”

Jon Baraja

Durangaldea Uztabarritzen III. Bertso zirkuitoa Berrizen abiatuko da ostiral honetan, hilak 10, 19:00etan. Herri desberdinetan burutuko diren sei saiok osatuko dute Durangaldeko Bertso Eskolak eskualdeko bertsolariei oholtza bat eskaintzeko helburuarekin martxan jarritako dinamika honen aurtengo edizioa. “Eskolako kideei bertsolari ilustreekin kantatzeko eta gozatzeko aukera polita ematen digu ekimen honek”, dio Igor Galarza abadiñarrak. 

Igor Galarza, besteen artean. Etxanon pasa den urteko edizioan.

Dena prest dago Durangaldea Uztabarritzen III. Bertso zirkuitoaren hasierarako. Bertsozaleak bertako eta inguruetako jenerorik onenaz osatutako uzta berriaz gozatzeko irrikan daude. Aurtengo edizioa, apirilaren 29ra arte iraungo duena, sei jaialdik osatuko dute. Lehena ostiral honetan burutuko da Berrizko Topa tabernan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Beste bostak Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan (martxoak 24), Elorrioko gaztetxean (martxoak 31), Garaiko probalekuan (apirilak 15), Mañariako Arri Toki tabernan (apirilak 21) eta Otxandion -herri honetako leku zehatza erabaki barik dago- (apirilak 29) izango dira. “Ibilbide polita osatu dugu. Durangaldea batzeko modu bat da eta zirkuito honek eskualdeak daukan berezitasuna islatzen du”, esan dio MUGA-ri Durangaldeko Bertso Eskolako kide eta proiektu honen bultzatzaile nagusienetariko bat den Igor Galarza 24 urteko abadiñarrak.

Giro ona bigarren edizioaren azken emanaldian Garain, non Maialen Lujanbiok parte hartu zuen.

Jaialdi bakoitzean Durangaldeko bertsolari desberdinak arituko dira kantuan, eskualdetik kanpo etorriko diren punta-puntako gonbidatuekin. Ostiral honetako hitzorduan Erika Lagoma, Ander Elorriaga eta Bittor Altuberekin batera Ereñotzuko Eli Pagola igoko da oholtzara. Gai-jartzailea Miren Amuriza berriztarra izango da. Sarrera doakoa izango da antolatutako sei saioetan. “Eskolako kideentzako aukera polita da bertsolari ilustreekin kantatzeko, bai Durangaldekoekin bai kanpotik gonbidatzen ditugunekin. Elenko ona ekartzen saiatu gara. Adibidez, Andoni Egaña mitikoa Garain izango dugu”, nabarmentzen du Galarzak. Berak Mañariako saioan kantatuko du eskualdeko Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Irune Basagoiti eta Unai Iturriagarekin eta Muxikako Onintza Enbeitarekin.

Ander Elorriaga durangarra Zaldibarko gaztetxean 2021eko edizioan.

Ekimen honen bitxikerietako bat da urtero leku desberdinak aukeratzen dituela antolakuntzak, bertsolaritza ahalik eta plaza gehienetara eramateko eta ahalik eta zale gehienengana iristeko asmoz. Gainera, giro anitzak lortzeko espazio desberdinetan ospatzen dira: parkeak, elizak, gaztetxeak, aretoak, tabernak… “Aurten lehen aldiz joango gara Mañariara eta Zornotzako herrigunera, iaz Etxanon eta orain dela bi urte Euban eta Etxanon egon ginen eta”, azpimarratzen du Galarzak.

Eneko ‘Abarkas’ iurretarra Durangoko Sorginolan 2021ean. Bera alboetan, Aitor Bizkarra abadiñarra eta Irune Basagoiti ermuarra.

Durangaldea Uztabarritzen proiektua 2021ean sortu zuen Durangaldeko Bertso Eskolak, pandemiak eragindako egoera zailari aurre egiteko, plaza ugari galdu baitziren. Ekimen honen bidez eskualdeko bertsolariei oholtza bat eskaintzen zaie, kanpoko bertsolariekin partekatzeko aukera emanez. “Lehen edizioan 11 saio izan ziren, behar hori zegoelako bertsolaritza eskualdean bizirik mantentzeko.  Egoera normalizatu zenez Euskal Herria mailan eta jaialdi kopuruak asko gehitu zirenez, iaz sei saio egin genituen kanpoko bertsolariak gonbidatuta eta aurten formatu hori mantendu dugu”,  azaltzen du Galarzak. “Berrikuntza gisa, ukitu desberdin bat ematen saiatu gara, zirkuituari grazia emateko. Adibidez, Zornotzan gai-jartzaile lanetan Jon Ander Urkiaga idazlea egongo da, beste joku bat emateko gaiei eta saioari”, gehitzen du orain dela 10 urte inguru bertsolaritzan barneratu zen abadiñarrak.

Iruri Altzerreka garaitarra eta Ander Aldazabal zornotzarra Durangoko Benita Uribarrena parkean.

Erika Lagoma Garain. Bere ondoan Araitz Katarin mallabitarra eta Aramaioko Manex Agirre.

Guztira, hirugarren edizio honetan 25 bertsolarik parte hartuko dute, prestatu den kartelean ikus daitekeen bezala:

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu